Bi haur txori baten gainean hegan, atzean su eztandak ikusten direlarik azaltzen du aurkeztutako zapi gorriak. Iruñean su eztandak ikusterakoan, festetako su artifizialak etortzen zaizkigu burura, Gazako haurrek ordea eztanda horiek nekez lotuko dituzte festa eta ospakizunarekin. "Gure su artifizialak irudikatzen dituen zapi bakoitzarekin, itxaropen mezu bat bidali nahi dugu. Haur batek ere ez dezala zerura beldurrez begiratu behar izan, etorkizun baketsu baten ilusioz baizik”, azaldu du Salam Gaza plataformak.
Zapiak hamar euroan salgai dira. “Ekimen honen onurak, larrialdi humanitarioko proiektuetara bideratuko dira, edateko ura eta elikagaiak eskuratzera, Gazako iparraldeko errefuxiatuen kanpalekuetan bizirik irauten duten 500 familia ingururentzat” adierazi dute.
Iruñeko Peñek bat egin dute ekimenarekin eta dagoeneko haien lokaletan erosi ahalko diren 1.100 zapi erosi dituzte. “Festetan daramagun zapia oso pertsonala den arren, iruindarrak animatu nahi ditugu Gazaren aldeko zapia eramatera” adierazi du Peñen Federazioko lehendakari Rakel Arjolek. Peñen ekarpenari esker, ur emaria ziurtatuko da errefuxiatu kanpamenduetan datozen hilabeteotan.
Zapia erosteko
Elkartasun zapia 615724057 telefonoan edo ta contacto@salamgaza.org helbide elektronikora idatzita eskura daiteke. Emauseko trapuketarien egoitzan izanen da eskuragai eta esan bezala, Peñetako lokaletan ere sanferminetan.