SANFERMINAK 2025

Sanferminetaz gozatzeko 517 ekitaldi

Euskalerria Irratia 2025ko eka. 19a, 13:12

Ekitaldien programazioa auzoetan ere indartu nahi izan du aurten Udalak. Kale animazioa, antzerkia, haurrentzako jarduerak, su artifizialak eta erraldoien ibilbidea aurkeztu dute, besteak beste. Liebana Goñi Yarnozek egin du programaren diseinua.

2025eko sanferminetako programa osoa aurkeztu du gaur Iruñeko Udalak eta 517 jarduera biltzen ditu erdigunean baita auzoetan ere. Kale animazioa, su artifizialak, kontzertuak edota familiendako gune bereziak egongo dira.

Antolatutako ekitaldien aurrekontua 1,95 milioi eurokoa da, iazkoa baino %5,4 gehiago. hazi da aurreko urtearekin alderatuta. Programaren diseinuaz Liebana Goñi Yarnoz arduratu da.

Zuziria piztu eta eguerdiko 12:00etatik aurrera txupinazoaren eguneko programazioa berezia izango da. Uztailaren 7an San Fermin egunarekin batera lehenengo aldiz kalera aterako da Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa. San Ferminen prozesioa eta meza goizeko 10:00etan abiatuko dira.

Uztailaren 9an, asteazkena, jotaren eguna ospatuko da. Ostegunean, 10ean, txikiak izango dira protagonista haurren egunean. 11an adinekoen txanda izango da. Eta, azken ekitaldi bereziak jaien amaierarekin bat iritsiko dira, gaixoa ni egunean. Sorotan Bele taldeak itxiko ditu jaiak uztailaren 14an Gazteluko plazako kontzertuan.

Sanferminak auzoetan

Uztailaren 8tik 13ra, goizez, 12:30etik 14:00etara, musika emanaldiak izango dira Txantrean, Mendebaldean, Arrotxapean, Etxabakoitzen, Arrosadian eta Donibanen.

Arratsaldez, 18:00etatik 21:00etara, haurrendako ikuskizunak izango dira Sanduzelain, Mendillorrin, Lezkairun, Arrotxapean, Buztintxurin eta Azpilagañan. Iturraman umorezko emanaldiak egongo dira uztailaren 8tik 10era, 19:00etatik aurrera.

Bestelako kultur jarduera alternatiboak ere izango dira egunotan Antoniuttin, Basotxoan, Mendebaldeko Ama Birjinaren plazan eta Takoneran. 50 musika emanaldi baino gehiago izango dira musikari eta DJ-en eskutik, eguerditik goizaldeko 03:00ak bitarte (14an izan ezik, 23:00etan amaituko da).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!