San Lorentzo karrikako etxegabetzea salatu eta etxejabe handien inpunitatea agerian uzteko hamarka lagun bildu ziren atzo Iruñeko Udaletxe plazan, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta. Elkarretaratzean salatu zuten, etxegabetzea “ilegala” izan zela, Ana Belenek ez zuelako aurrez, epailearen notifikaziorik jaso. “Etxegabetze bat emateko agindu judizial bat beharrezkoa da, eta eskatu zaien arren ez dute halakorik erakutsi, ez bizilagunari ezta bertaratu diren etxebizitza sindikatuko kideei ere. Hortaz, inolako berme legalik gabe eta mehatxupean gauzatutako etxegabetze erabat irregularra izan da honakoa” adierazi dute.
Elkarretaratzean gogoratu dute pasa den asteko mobilizazioak gelditu zuela etxegabetzea. “Argi dugu modu koldarrean exekutatutako etxegabetze hau abisurik gabe eman izana ez dela kasualitatea: isilpean gerta zedin nahi zuten. Joan den asteko erantzun soziala ikusita, ez zuten ate parean beste elkarretaratze bat egitea nahi, etxegabetze bortitzaren irudi hori ekidin nahi zuten, eta horregatik ez diote jakinarazpenik helarazi Ana Beleni” esan dute bertaratutakoek.
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez, gizarte zerbitzuekin lanean ziren etxebizitza alternatiba lantzeko, baina haien esanetan oraindik “ez zen akordiorik” eta bikotea bortxaz izan dela kanporatua bere etxetik. Hala ere, Ana Belen, Iruñeko gizarte zerbitzuek artatu dute, kalean gera ez zedin. Gogoratu behar da, %75eko desgaitasuna onartuta duela Ana Belenek eta une honetan minbizia larria baten kontra borrokan ari dela.
Bertaratutakoek gogoratu dute, etxejabe handi batek kanporatu duela Ana Belen. “Gaur jabe handi batek etxe bat berreskuratu du negozioa egiten jarraitzeko” adierazi dute protestan.