Jamaikatik Iruñerrira: ‘Ateak Onera’, Iruinyard Soinu Sistemaren aurkezpena

Euskalerria Irratia 2025ko eka. 11a, 12:54

Iruinyard Sound System kolektiboak larunbatean aurkeztuko du proiektua Takoneran. Doan izango da, adin guztietako jendearentzat, arratsaldeko 18:00etatik aitzina. Eñaut Egiluz antolatzaileak xehetasunak azaldu ditu.

Jamaikako musika doinuen artean mugitzen da Iruinyard Sound System kolektiboa. Sound System edo Soinu Sistema bat eraiki dute berriki. Finean, bozgorailu batzuk dira, kanpoko egurrezko estruktura batek babestuta. 50eko hamarkadan horrela antolatzen zituzten festak Jamaikan, kalean, soinu sistema propioekin”, azaldu du kolektiboko Eñaut Egiluzek.

Kaleko festa da jatorriz eta hala behar zuen ‘Ateak Onera’ jaiak ere. “Azken urteotan aldendu da kultura hau bere sustraietatik eta gure ideia berriro kalera eramatea da, dohainik, eta publiko zabalarentzat”, gaineratu du.

Musikan arituko dira John Jones, Bartzelonatik etorritako Pupa Congo, Arga Music Showcase Sweet Juice eta Txisi Txamas abeslariekin, eta Iruinyard kolektiboko kideak.

Arratsaldeko 18:00etatik aurrera aurkeztuko dute proiektua Takoneran. Edozein adineko jendea gonbidatu dute gerturatzera, “ilusio handiz” egindako proiektua delako. Hala ere, ohartarazi du atzean lan handia duen proiektua dela eta materiala bera ere errespetatu behar dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!