Herri Sanferminak ekimeneko jaigunea O plazan kokatuko da aurten ere. Aurreko urtean antolatutako ekitaldietan lortutako arrakastaren ondoren txiki geratu zaiela ohartarazi dute eta Iruñeko Udalari bigarren espazio bat gehitzeko eskaera egin zioten. Zehazki, Baratxurien plaza. 2016 eta 2019 urte bitartean han egin zirelako kontzertuak. “O Plaza txiki gelditzen zaigu. Jai herrikoiek iaz, urtetako bazterketaren ondoren erdigunera itzultzean, gainezka egin zuten. Izan zuten arrakasta eta berriz ere lortu dugun sendotasuna kontuan hartuta, aurten udalari garbi adierazi genion bi espazio beharko genituela egitaraua indartu eta eremu zein publiko gehiagotara zabaltzeko”, adierazi dute ekimeneko kideek.
Udalak ezeztatu egin du plataformaren eskaera, osasun zerbitzuen gunea kokatu behar duelako bertan, joan den urtean egin bezala. Horren aurrean, Herri Sanferminak ekimeneko kideek adierazi dute “jaietan egon daitezkeen behar desberdinak kontuan hartuz alternatibak aztertzeko prest agertu gara, baina udalaren partetik ez dugu horretarako inplikaziorik ikusi, eta denbora luzatuz joan da, Herri Sanferminek erdigunean behar duen espazioari ateak itxiz”.
Haserre agertu dira erabakiarekin gaur egin duten agerraldian. “Tabernak eta bestelako enpresak hiriaren erdigunean dauden bitartean, guk argi dugulako auzolanean eta irabazi-asmorik gabe antolatzen diren jai herrikoiak ez daudela soberan. Horregatik, herri mugimenduaren beharrak serio hartu eta erdigunean jai herrikoiak hedatzeko alternatibak bilatzeko, irailean bertan bilera bat egiteko proposamena luzatzen diogu udalari”.
Ondorioz, aurten O plazan gauzatuko dute egitaraua. “Bertan izanen dugu elkargune herrikoi eta euskaldun bat, zapaldu guztiontzako gune seguru bat, elkarrekin gozatzeko plaza bat, auzolanean eraikia”. Auzolana oinarri, zapalduok jalgi! lelopean “plazak hartzeko, kalera ateratzeko, behar dugun espazioa hartzeko” deia luzatu du Herri Sanferminak ekimenak. “Ez garelako dagoenarekin konformatuko, jaiak ulertzeko eta egiteko beste modu bat hedatzen jarraituko dugulako”.