Ane Saguesek irabazi du Talentu Artistikoaren Sustapenerako Saria

Euskalerria Irratia 2025ko eka. 5a, 09:48

Artista nafarra Las Nenas Theatre antzerki kolektiboaren sortzaileetako bat da eta bere ibilbide "labur baina bizia" saritu dute. Aitortzaz gainera 10.000 euroko laguntza jasoko du proiektu artistiko bat ekoizteko.

Sortzaile eszenikoa da Ane Sagues Abad eta antzerkiaren mundu zabalean jarduten du, oholtza gainean, albo batean, baita atzean ere izan da protagonista. Etxaurikoa da Sagues eta txikitatik izan du antzerkia bidelagun. 14 urte zituela ekin zion bere ibilbideari Atikus konpainiaren eskutik. 2016an Madrilen hasi zituen arte dramatikoen ikasketak.

Eta, 2022an jaioterrira itzuli zenean, Las Nenas Theatre konpainia sortu zuen; lengoaia eszeniko berriak sortzeko kolektiboa, hain zuzen. Lengoaia eszeniko berria, propioa eta ez konbentzionala sortu du Saguesek. Konpromiso politiko handiko “ibilbide laburra baina bizia” egin du artistak eta hori da saritu dutena.

Maria Txibite presidentearen eskutik jaso du saria eta "inguratzen gaituen munduarekiko duen konpromiso eta jarrera politikoa” azpimarratu ditu; “errespetu” handi dio antzezlearen lanari.

Aldarrikapenen artean mintzatu da Sagues ekitaldian: “Arteak politikoa izan behar du, eta nik zalantzan jartzen dut bortizkeriatik eta deserosotasunetik, hala bizi dudalako nik bizitza. Eta aldarrikatu nahi dut ni bezala arraro sentiarazi gaituztenen berezitasuna ez garelako gizartearen arauetara egokitzen”.

Aitortzarekin batera, antzezleak 10.000 euroko laguntza jasoko du proiektu artistiko bat ekoizteko, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eta Vianako Printzea Erakundearen programaren baitan garatuko dena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!