Eskoriatzako eta Iurretako kanporaketen ondoren Señora bertso sariketaren 5. edizioa Iruñera ailegatuko da larunbat honetan. Zaldiko Maldikon izanen da finala, sariketak ohikoa duen formatuan: bazkaria lehenik eta bazkalondoan, bertso saioa. Binaka arituko dira lehian Amaia Elizagoien eta Malen Alzuarte; Joane Aldalur eta Irati Tolosa; eta ohorezko señorak, Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano.
Lehiaz haratago, sariketaren helburua bertso espazio berri bat sortzea izan da, zirkuitu maskulino eta tradizionaletatik aldenduz eta emakumeei zein genero disidenteei plaza emanez: "Beste mota bnateko sariketa sortu nahi genuen. Hasieratik kontraesanak izan genituen lehiarekin, baina aldi berean esperimentua nahi genuen ea lehia beste modura egin zitekeen. Egin daitekeela ikusi dugu eta aurrera jarraitu dugu".
Irabazleak ez du txapelik jantziko, pamela baizik; eta ohiko irizpideei bestelakoak gehituko zaizkie bertsoak epaitzerakoan, tartean alderdi emozionala, taldekideen zaintza eta diskurtso feministari egindako ekarpena. Ororen gainetik, Arregik nabarmendu bezala, giro ona eta umorea nagusitzen dira Señora Sariketako saioetan: "Askotan esaten da emakumeok ez dakigula umorerik egiten. Eta ez da hori kontua, umore kode orokorrak gizonen kodeetan idatzita daudela baizik".
Formatu txikiaren aldeko apustua egin du sariketak aurten, helburu zehatzetako bat ohiko bertso plazetatik kanpo gelditu diren horiei lekua eskaintzea izan baita. Zaldiko Maldikoko finalerako sarrerak atera eta ordubetean agortu ziren, sariketaren osasun onaren seinale.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!