Lurraren defentsarako mugimenduen hiru adibide aztertuko ditu Berriak, Iruñean

Euskalerria Irratia 2025ko mai. 28a, 12:31

Aroztegia, Urdaibai eta Marienearen kasuak aztertuko dituzte mahai-inguruan ekainaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan. Eider Gotxik, Gorka Laurnagak eta Joana Detxartek parte hartuko dute.

Azkenaldian Euskal Herrian hainbat mugimendu herritar osatu dira lurraren defentsan. Sarritan, ingurumenaren defentsa eta hirigintza proiektuei lotutako interesak ez datozelako bat. Hartara, Berria egunkariak mahai-inguru bat antolatu du Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan, Kinka podcastaren baitan, “mugimendu horien borrokak gertutik ezagutzeko. Arratsaldeko 19:00etan izango da hitzordua.

Baztango Aroztegiaren auzian, talde kriminal antolatu bateko kide izatea leporatu diete proiektuaren aurkako kanpaldi batean parte hartu zuten zazpi herritarri. Gorka Laurnaga mintzatuko da auzi honen inguruan.

Bizkaian, Urdaibaiko Guggenheim museoaren aurkako mugimendua da eredu. Erakunde publikoek entzute prozesu bat abiarazi dute herritarren iritziak biltzeko, baina proiektuaren aurkako taldeak zuhur agertu dira. Guggenheim Urdaibai Stop plataformako Eider Gotxik hitz egingo du horren inguruan.

Mahai gainean jarriko duten hirugarren auzia Kanboko Marieneko lurrak izango dira. Ostia espekulazioaren kontrako taldeko lau kide auzipetu Baionan. Zehazki, Bouygues obralariak Kanboko Marieneko lurretan duen etxebizitza xedea salatzeko ekintza sinboliko batengatik. Zenbait elkartek laborantzarako prestatu dute lurra, eskatzeko eremua nekazaritzarako erabil dadila eta etxebizitzarik ez dadila eraiki. Joana Detxart Ostia Sareko ordezkariak hartuko du hitza solasaldian.

Nagore Arin Berriako kazetaria eta ikus-entzunezkoen taldeko arduraduna arituko da solasaldian gidari, ekainaren 5ean, Nafarroako Antzerki eskolan, 19:00etan. Izena eman hemen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!