Europako Batasunean euskara, katalana eta galiziera ofizial izateko eskabidea bozkatu behar zuten atzo Auzi Orokorretarako Kontseiluan, baina beste behin ere, ez da auzia bozketara iritsi. Espainiako Gobernuak negoziazioak egin dituen arren, ez du lortu Europar Batasuneko Kontseiluan ordezkaritza duten gainerako estatuak eskabidearen alde jartzea eta atzeratu dute bozketa.
Gaia aztertu dute beste hainbatetan egin duten bezala, baina ez dutenez lortu aldeko jarrera nahikorik, erabaki dute bozketa momentuz ez egitea. Gutxienez bi estatuk eskatu dute atzeratzea argudiatuta zalantza juridiko eta ekonomikoak dituztela. Hala ere, gehiengoa alde izatea ez da aski aitortza lortzeko: aho batez onartu behar dute ordezkari guztiek; abstentzioak onartzen dira, baina kontrako botoak ez.
Kontrako iritzia dutenen arabera, euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna emateak mugarri bat ezarriko luke eta eredu izango litzateke beste hizkuntza minorizatu batzuentzat.
Euskalgintzaren Kontseiluak gaitzetsi egin du bozketa atzeratu izana. “Europar Batasunak euskarari ofizialtasuna ukatzeko arrazoi teknikoen atzean ezkutatzen diren argudio eta presio politikoak salatzen ditugu”, adierazi dute. Lanean jarraituko dutela gaineratu dute, Europan ofizialtasuna erdietsi arte. Era berean, PPren joera salatu du. EAJk ere, “maniobra zikinak” egitea deitoratu dio alderdiari.