Aroztegiko auzipetutakoentzat absoluzioa eskatu dute 196 aurpegi ezagunek

Euskalerria Irratia 2025ko mai. 13a, 19:37

Zazpi lagun epaituko dituzte astelehenetik aurrera eta babesa adierazteko eta desobedientzia zibila delitua ez dela aldarrikatzeko manifestua aurkeztu dute

Aroztegiko obren kontrako kanpaldiaren ondoren auzipetutako zazpi lagunei babesa adierazteko manifestu bat sinatu dute 196 aurpegi ezagunek. Besteak beste: Sabino Cuadra, Saioa Alkaiza, Hedoi Etxarte, Jon Arretxe, Julio Villanueva, Amets Aznarez, Amets Aranguren edota Ibai Osinaga. Auzipetutakoen absoluzioa eskatu dute, desobedientzia delitua ez dela aldarrikatuz. Maiatzaren 19tik 23ra bitarte egingo da epaiketa eta denera, 20 urteko espetxe zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatzen dizkiete.

Kaleratutako adierazpenean irakurri dezakegunez, "desobedientzia zibila ez da delitua, eskubide sozial beharrezko eta zilegia baizik. Eta hori aspalditik gauza jakina den arren, Aroztegiko pelotazoaren kontra protesta eginiko zazpi lagun kartzelako bidean jarri nahi dituzte heldu den astean. Epaitegietan justiziarik egonen balitz, hori ez lukete onartu”.

Baztango Lekarozko herrian luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 txalet egin nahi zituen Palacio de Arozteguia S.M. enpresak. “Denbora joan ahala, bistan gelditu da adreilu eta turismoaren garapen eredu hori jasanezina dela, baita gure amaren etxea defendatzea ezinbestekoa dela etorkizunik nahi badugu. Gainera, espekulazioan oinarritutako proiektua izan da Aroztegikoa, lurren birkalifikazioaren jokaldiaren bitartez”.

2021ean hondeamakinak Aroztegiko parajean obretan hasi ziren eta herritarrek gelditzen zitzaien azken aukera baliatu zuten beren iritzia agertzeko: makinen aurrean eseri eta protestatzeko kanpaldia egitea. “Jende andanak parte hartu zuen bertan bere desadostasuna erakutsiz modu demokratikoan. Baina, zazpi baztandarri akusazio gogorrak egin dizkiete: bortxa eta derrigortze delituak eta talde kriminala osatzea”.

“Eta arriskua oraino handiagoa da: diru publikotik aberasteko sukarrean, enpresak 43 milioi euroko konpentsazioak eskatu dizkie Nafarroa eta Espainiako Gobernuei eta badakigu milioiak eskatu nahi dizkietela auzipetuei ere”, ohartarazi dute agerraldian.

“Gaur manifestu hau sinatzen dugun 196 lagunok ere gure elkartasuna adierazi nahi diegu Baztango zazpi auzipetuei eta nabarmendu nahi dugu herri batek eginiko desobedientzia zibila ezin dela kriminalizatu, horrek, gainera, aurrekari arras kezkagarria sortuko duelako adierazpen askatasun eta eskubide demokratikoei dagokienez”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!