Pandemiarekin batera antolatzeari utzi behar izan zioten eta sei urteko etenaldiaren ostean berriz ere ospatuko dute Sortzen jaia. Maiatzaren 18an izango da hitzordua Iruñeko Takonera parkean.
Egitarauari hasiera emateko Nafarroako Antzerki Eskolan Euskara Antzokira! emanaldia prestatu dute, Nafarroako eskola ezberdinen eskutik, musika eta umorea baliatuta. Eguerdiko 13:00ean kalejiran abiatuko dira Takoneraino eta hantxe haur jolasak izango dira. Bazkaria 14:00etan izango da, Ondalankoopen eskutik.
Bazkalostean, kantuz talde baten emanaldia eta hiru kontzertu antolatu dituzte: Gorka Urbizu bertsio akustikoan, Borla eta Bidelapurrak. Gainera, egun osoan zehar, Saldiasko Talogileak, Makusiren puzgarriak, Sortzen elkartearen informazio eta material salmenta puntua, tonbola eta barra egongo dira.
Sortzen elkarteak ekimena aurrera eraman duten guraso eta boluntario guztien lana eskertu dute eta auzolana sendotzen jarraitzera dei egin dute.
Ver esta publicación en Instagram