KIROLERRIA

Itzalaldiaren osteko piztualdia

Eñaut Agirrebengoa 2025ko api. 29a, 18:38

Gizonen Osasunak hiru garaipen kateatu ditu, eta hartara, bete-betean sartu da, berriz ere, Europako Txapelketak jokatzeko borrokan. Alta, oso partida zailak jokatuko ditu datozen asteetan. Emakumeen taldea, aldiz, playoffik gabe gelditu da

Bost jardunaldi baino ez dira gelditzen Espainiako Futbol Liga bukatzeko, eta Osasuna Europako postuetan iritsiko da azken txanpara. Gorritxoek irabazi egin dituzte azken hiru partidak, eta zortzigarren daude orain sailkapenean. Denboraldia postu horretan bukatuta, Konferentzia Liga jokatuko lukete heldu den sasoian.

Luzaroan, berdinketaz berdinketa eta etsipenez etsipen ibili da Vicente Morenoren taldea. Bost hilabetean garaipen bakarra lortu zuen, azarotik apiril hasierara bitarte. Bada, hiru garaipen lortu ditu azken bi asteetan, Kirolerrian hartu ditugun oporrekin kointzidituz.

Susperraldia Gironaren aurka hasi zen (2-1), gero jarraipena eman zitzaion Valladoliden zelaian (2-3), eta Sevillaren kontra ere gorritxoen zakuan bukatu zuten puntuek (1-0).

Distira berezirik gabeko partidak izan dira; gol bakarreko aldearekin nagusitu da Osasuna, eta joko aldetik ez da aurkarien oso gainetik egon. Baina kontua da eraginkortasuna berreskuratu duela, eta lehengo berdinketak garaipen bihurtu dira. Salbazioa jada lotuta dago, eta Europan sartzea helburu errealista da. Hori bai, oso neurketa zailak datozkio Nafarroako taldeari.

Emakumeen Osasunak, berriz, igandean bukatu zuen denboraldia. Baita burumakur bukatu ere, playoffaren atarian geratu baitzen. Txartela lortzeko, Cacereñok baino emaitza hobea lortu behar zuen azken jardunaldian. Bada, ez zen hala gertatu, Cacereñok irabazi egin baitzuen, eta Osasunak berdindu, Atletico Madril B-ren zelaian. Igoerak zazpigarrenez egin die ihes gorritxoei.

Giltzarri izandako zenbait jokalarik agur esango dute ziurrenik, eta ikusteko dago Josu Dominguezek aulkian jarraitzen duen.

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Kirolerriko Osasun-etxean. Solasaldia hemen entzungai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!