Maiatzaren 12tik 23ra bitartean Sanferminetako Mahai Orokorrean ordezkatuta dauden elkarte edo kolektiboek 2025ean txupinazoa bota beharko lukeen pertsonari edo erakundeari buruzko proposamen bat aurkeztu ahal izango dute.
Maiatzaren 28an, hautagaien zerrenda mahaira eramango dute, bozkatu eta gehienez bost finalista hautatuko dituzte. Ekainaren 2tik 13ra, Iruñean erroldatutako herritarrek gustukoena bozkatu ahalko dute eta behin betiko emaitza ekainaren 17an iragartzea aurreikusi dute.
Iaz berreskuratu zen aukeraketarako prozesu parte-hartzailea, baina aurten bi aldaketa nagusi daude: batetik, txupinazoa jaurtitzeko pertsona edo erakunde bakar batek ere ezingo duela bere burua proposatu, eta, bestetik, Mahai Orokorrera iristen diren proposamenek behar bezala oinarrituta egon beharko dutela. Baloratuko da eremu sozial, akademiko, zientifiko edo kulturalean hiriari egindako ekarpena.