Olaia Inziartek aitortu bezala, "barrenak husteko" diskoa kaleratu du: Zerrautsa. Hauskor eta aldiberean, indartsu ikusarazi du bere burua musikariak. Emozioz beteriko lana ondu du artista nafarrak.
Lan berri honetan bere burua biluztu du, baina horretarako beharrezkoa izan du atzean utzi orduraino egindakoa, gurpil zorotik jaitsi, eta beste nonbaitetik heldu musikari. Hala ere, abestien letra eta hausnarketa sakonak alboratuta, disko dantzagarria oso egin du Inziartek.
Igandean aurkeztuko du diskoa Iruñeko Zentral Aretoan, arratsaldeko 19:30ean. Sarrerak aldez aurretik webgunean zein egunean bertan lehiatilan eros daitezke.