OSASUNA 1 - SEVILLA 0

Estuki, baina garaile

Euskalerria Irratia 2025ko api. 25a, 08:48

Osasuna Europan jokatzeko lehian sartu da bete betean atzo Sevillari 1 eta 0 irabazi eta gero. Ruben Garziak faltaz sartutako gol ikusgarriari eutsi zion talde gorritxoak eta sufrituta irabazi zuen ordu betez jokalari bat gutxiagorekin egon zen talde andaluziarraren kontra.

Hiru garaipen jarraian lortuta Osasuna Europako postuetan sartzeko lehian sartu da bete betean. Girona eta Valladolid taldeen kontra lortutako garaipenei, atzo Sevillaren kontra 1 eta 0 lortutakoa ere gehitu behar diogu. Gorritxoek ez zuten partida ikusgarririk jokatu baina sufritzen jakin zuten eta ongi eutsi zioten markagailuari.

Motel hasi ziren gorritxoak, Sevillak bi gol aukera garbi izan zituen, baina orduan iritsi zen Ruben Garziaren gol ikusgarria. 25. minutuan. Arearen eskuin ertzean izan da, zuzenean jaurti eta denboraldiko gol ederrenetako bat lortu zuen.

Hori gutxi balitz, Sevilla jokalari bat gutxiagorekin geratu zen 32. minutuan. Lukebakiok ukondoarekin Catena jo zuen eta txartel gorria ikusi zuen zuzenean. Epailea protagonista izan zen lehen zatiko azkeneko minutu horietan. Pablo Ibañezi ere txartel gorria erakutsi zion baina jokaldia berrikusi eta gero, hori kolorekoa erakutsi zion. Osasuna nagusi izan zen atsedenaldira arte.

Bigarren zatia ere berdintsu hasi zen. Bryan Zaragoza zelairatu zen eta egin zuen lehen jokaldian erdiraketa ederra egin zion Budimirri, baina bere burukada gutxigatik ez zen ate barrura joan.

Sevilla atzean sartu zen, Osasunako jokalariak aurreratuta harrapatu nahian edo haien hutsak baliatu nahian. Eta orduan iritsi ziren Caparrosen mutilen aukerarik onenak. Bryan Zaragozak izan zuen Osasunarentzat gola lortzeko abagunea, baina Sevillak ondo estutu zuen talde gorritxoa norgehiagokaren azken txanpan. Baina atean Herrera du Osasunak eta geldiketa ederrak egin zituen atzo ere.

Gauzak horrela, Vicente Morenok zuzentzen duen taldeak 44 puntu ditu bost jardunaldiren faltan. Zortzigarren dago sailkapenean, Conference League jokatzeko postuetan eta zazpigarren postua bi puntutara du. Europa League jokatzeko txartela lortzeko bi puntutara beraz. Asteburu honetan Ligan atsedenaldia dago, Kopako finala jokatuko baita eta Osasunaren hurrengo aurkaria Villarreal izango da, aurkari zaila.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!