Aspek eta Baikok iragarri dute jada sanferminetarako programazio asmoa. Oraindik pilotarien izenak ezagutu gabe, sarrerak salgai jarriko dira ostegun honetan, apirilak 10, uztailaren 5etik 14ra izanen diren hamar jaialdiendako. Labrit pilotalekua izanen da erdigunea, lau terdiko finalean izan ezik, orduan partida erdigunetik Navarra Arenaraino eramanen baita, iaz egin bezala. Programazio berbera beraz baina prezio altuagoekin. Sarrerek %6 eta %12 arteko igoera izanen baitute.
2025eko sanferminetarako sarrerak ostegunean, arratsaldeko ordubietan jarriko dira salgai entradasfronton.com atarian. Pasa den urtean ordu gutxitan agortu ziren sarrera gehienak.
Esku pilotak geroz eta toki handiagoa hartu du azken urteotan sanferminetako arratsalde eta ilunabarretan. Geroz eta kuadrilla gehiagok egiten dute eguneko plana Labrit frontoiaren inguruan.