Sanferminetako entzierroko hesia aldatzeko proposamena egin du Peñen Federazioak

Euskalerria Irratia 2025ko mar. 27a, 08:12

Telefonikako tartean, hesia erabat estaltzea proposatu dute entzierroko parte hartzaileak ez daitezen bertan gelditu. Entzierroko ohiko lasterkariek babesten dute proposamena.

Sanferminetako entzierroa perfektua eta ukiezina den tradizioa ematen duen arren, urtero urtero festetako goizetako lasterketa hobetzeko proposamenak aditzen dira. Azken urteotan ikusi da zezenen abiadura biziak, tentsio une larriak eragiten dituela Estafeta karrikaren amaieran, zezen plazara jaitsi aurreko tartean. Zezenak azkar iristen dira horrat eta eskuin hesiaren kontra talka egiten dute, bertan pilatuta, babes bila geratzen diren pertsonen kontra eginez. Iruñeko Peñen Federazioak egoera hau ekiditeko proposamena egin du. Eskuin hesi hori, hesi itsu bihurtu, hau da, hesia ohol handi batekin erabat estaltzea, Mercaderes eta Estafeta arteko bihurgunean egiten den moduan. Honela, korrikalariak bertan gelditzea ekidingo da eta jende pilaketarik ez da egonen. Hori bai, segurtasuna bermatzeko, hesiaren azpialdea irekita izanen da, arriskua egotekotan ihes bidea topa dezaten entzierroko lasterkariek.

Peñen Federazioak, Santo Domingoko polizia hesia ere, goizago kentzea eskatzen du, lehen suziria entzunda, pilaketarik eta erorikorik izan ez dadin. Proposamenek, entzierroko ohiko parte hartzaileen babesa dute eta apirilaren 4ko entzierroaren mahaian eztabaidatuko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!