Planetarioko dorrea ez dutela eraitsi beharko dio txosten teknikoak

Euskalerria Irratia 2025ko mar. 27a, 07:46

Suhiltzaileen erantzun azkarrak eta suaren kontrako ate bereziek ekidin zituzten kalte larriagoak. Orain, proiekzio gela osoa berreraiki beharko da Planetarioak normaltasuna berreskura dezan.

NICDOk amaitu du eraikinaren egitura eta egoeraren inguruan eskatu zuen ikerketa teknikoa eta ondorioztatu dute Iruñeko Planetarioko kanpoko egitura guztia, bere horretan mantendu daitekeela eta beraz ez dela zertan kupula sustengatzen zuen dorrea eraitsi behar. Txostenaren arabera, suhiltzaileen berehalako erreakzioak ekidin zuen eraikina osoa kaltetzea eta orain, behin hondakinak kenduta, kupularen euskarrien egoera ikusi eta hauek finkatzeko lanak eginen dira.

Edonola ere, oraindik bide luzea geratzen zaio Planetarioari pasa den urtarrilaren 14ko sutearen ostean normaltasuna berreskuratzeko. Proiekzio gela erabat kiskalita geratu da eta orain proiektoreak berak, soinu eta irudi sistema digitalak, argiztapena, besaulkiak, eskenatokiak eta kontrol areto osoa instalatu behar dira, zerotik abiatuta. Nafarroako Gobernuak, Europatik datozen funtsetatik 600mila euro bideratuko ditu honetarako. Bien bitartean, Planetarioko langileak, ERTEan dira atzotik eta berriz ere atea zabaltzen dituzten arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!