Zabalik da aurtengo sanferminak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa. Apirilaren 22ko eguerdiko 14:00ak arte aurkeztu daitezke lanak, telematikoki
Epaimahai profesional batek hamar lan hautatuko ditu, urtero bezala, eta ondoren, herritarrek aukeratuko dute horien artean zeinek iragarriko dituen jaiak. Finalistek 500 euroko saria jasoko dute eta irabazleak 5.000 eurokoa.
Lehiaketan parte hartzea librea da eta egile edo talde bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu dezake. Bestalde, ezin izango dira aurkeztu aurreko edizioetan finalisten artean izan diren lanak. Aurten gainera, kartelaz gain, ezinbestekoa izanen da txosten artistikoa eta kartelaren kontzeptuaren garapen teoriko bat aurkeztea.
Lehiaketaren oinarrietan zehaztutakoaren arabera, lehiaketa ebatzi aurretik ezin izanen da jendaurrean jakitera eman nor den kartelaren egilea eta kartela norberak egina eta argitaratu gabea izan behar da. Iruñeko Udalak ohartarazi du ezin dela adimen artifiziala erabili.
Kontsultatu hemen lehiaketaren oinarriak.