Larunbatean, martxoaren 22an, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren kontura manifestazioa deitu du M21 Arrazakeriaren Aurkako Plataformak.
Eskuin muturreko diskurtsoen gorakadaren aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa da mobilizatzea gizarteko politika eta praktika arrazistak salatzeko eta diskriminazio instituzionalizatuaren amaiera eskatzeko.
Gainera, sektore politiko eta mediotikoek sustatutako gorroto diskurtsoen aurrerapenaz ohartarazi dute, estereotipoak indartzen eta bazterkeria areagotzen eta justifikatzen baitute.
Hartara, eskakizun zehatzak egin dizkiote nafar gizarteari eta baita Parlamentuari ere: Atzerritarrei buruzko Legea, Mozal Legea eta Migrazio eta Asilorako Europako Ituna indargabetzea eta migratzaileak barneratzeko zentroak ixtea ere. Halaber, egia, justizia eta erreparazio prozesuak bultza ditzala Nafarroako ijito herriarekin, eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokari buruzko Foru Legea betetzen dela berma dezala.
Arrazakeriaren aurkako borroka kolektiboa behar duela izan defendatu dute M21 Plataforma osatzen duten kideek. AZTA, BDZ Nafarroa, Gaz Kalo, Elhadji Gune Autogestionatua, Flor de Africa, Haritu, Mugak Zabalduz, Oxfam Intermon, Paris 365, PIM-MIG, Salhaketa Nafarroa, SOS Arrazakeria eta Zabaldik dei egin dute larunbateko manifestazioarekin eta antolatutako jarduerekin bat egitera. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da, Merindadeen plazatik.