Castillo Suarez euskaltzain eta idazlea, eta Ramon Andres musikologo, filosofo eta poeta Nafarroako Liburutegian izango dira bihar. Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatzen da ostiralean eta horren kontura antolatu du saioa berezia Nafar Ateneoak. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa.
Bi poeten ibilbidea aztertzeaz gainera, Castillo Suerezek itzulitako Ramon Andresen poema bilduma ere izango dute hizpide. Oihangintzako eskuliburua du izena Suarezek itzulitako antologiak. Andresen hainbat poema hautatu ditu Suarezek, hari gisa zuhaitzak hartuta, eta euskarara ekarri ditu Pamiela argitaletxearekin. 39 poema hautatu ditu Suarezek eta Andresek bat; guztira, 40 poema jasotzen ditu liburuak. Solasaldiaz gain, bi idazleen poemak errezitatuko dituzte saioan.