20 minutu edo gutxiago. Denbora horixe beharko dute Patxi Larraintzar IPko ikasleek ikastetxera joateko, oinez, patinetez edo bizikletaz. Eta bidean ariketa fisikoa eginen dute, ingurua hobeto ezagutuko dute, harremanak eginen dituzte eta bide-segurtasuneko arauak ikasiko dituzte, modu seguruan betiere. Gaur goizean, Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordea seinaleak jartzeko eta zirkulazioa baretzeko lanak ikusten izan da ikastetxe horretara doazen eskolarako bide seguruen inguruan: lau ibilbideek 3 kilometro hartzen dituzte orotara. Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek erakutsi diete zinegotziei sistemak nola funtzionatzen duen.
2017an abiatu zen bide seguruen egitasmoa: Amaiur Ikastola izan zen lehena, eta Buztintxuri HLHIPren txanda izan zen iaz. Hezkuntza-komunitatearen ekimenez egin ohi dira eskolarako bide seguruak, eta komunitate horrekin elkarlanean jartzen dira martxan. Udalak proposamenak aztertzen ditu, eta ikastetxe bakoitzarendako bide egokienak hautatzen. Ibilbide horiek seguruak izan behar dute oinezkoendako, oinez ibiltzeko leku atseginak, eta ikastetxera ahalik eta ibilbide zuzenena egin behar dute. Gero, Udalak beharrezkoak diren lanak egiten ditu hautatutako bideetan, eta ibilbideak seinaleen bidez adierazi eta margotu egiten ditu.
Eskolarako bide seguruek karbono dioxidoaren isuriak gutxitzen ere laguntzen dute; auto gutxiago pilatzen dira horiei esker, eta ikastetxeetarako sarbideetan arrisku txikiagoa izaten dute ikasleek.
Lau ibilbide, lau kolore
Lau ibilbide seguru sortu dituzte Patxi Larrainzar ikastetxera joateko, ikastetxeko guraso-elkarteak ondutako proiektua oinarri hartuta. 3.304 metro margotu behar izan dituzte hainbat koloretan, eta errotak ere marraztu dituzte ibilbideak nondik nora doazen adierazteko, irudi hori baita ikastetxearen ikurra. Halaber, zazpi seinale bertikal jarri dituzte zazpi farolatan (horiek dira topalekuak), eta txingo-jolasaren marrazki bat egin dute zuri-beltzean ibilbide bakoitzaren abiapuntuan. Orotara, Udalak 20.174 euro inbertitu ditu lan horiek egiteko.
Buztintxurin hasten den ibilbidea urdinez margotu dute, eta 945 metro ditu: Santa Luzia kaleko 45.etik abiatzen da (Gipuzkoako etorbideak eta Santa Engrazia kaleak bat egiten duten tokian jarri dute topalekua), eta lau ibilbideetan luzeena da. Bigarren ibilbidea Arbizu kaleak eta Bernardino Tirapu kaleak bat egiten duten tokian hasten da, eta Maiteminduen pasealekurantz egiten du gero: gorriz margotu dute. 830 metro hartzen ditu orotara, eta ibilbide horretako topalekuak ibilbide berdearen zati bat ere hartzen du. Izaba kalean hasi eta Maiteminduen pasealekurantz doa bide hori (690 metro hartzen ditu), eta ibilbide horixe egin dute gaur goizean ikasleek. Laugarren bideak, laranja kolorekoak, 839 metro hartzen ditu, eta auzoaren ipar-ekialdeko ikasleendako prestatu dute; Garde kaleko 7.ean du abiapuntua, kale horrek eta Marcelo Celayeta kaleak bat egiten duten tokian, eta Nafarroako Margarita plaza da ibilbideko topalekua.
Hasiera horiek dira topalekuak, eta hortik abiatuta, ikastetxerainoko ibilbidea egiten ahalko da egunero. Ibilbide guztiak behar bezala adierazita daude seinaleekin, eta erdibidean geraleku bat dute guztiek, inguruko beste bide batzuetatik datozenak ere batu daitezen.
Seinaleak jartzeaz gain, beste zenbait lan egitea aztertzen ari dira gaur egun, ikasleen segurtasuna hobetze aldera. Esaterako, oinezkoendako semaforoak berde egoten diren denbora luzatu nahi dute; ibilbidean dauden bidegurutzeetan abiadura-murriztaileak jartzea aztertzen ari dira (kuxin berlindarrak), eta oinezkoen pasabideen inguruetako aparkalekuak kentzea, ikuspena hobetzeko.