Iruñeko Udalak Jon Maiaren ‘Kantu berri bat gara’ proiektua aurkeztuko du apirilaren 24an, Baluarten. Kontzertu horrek emanen dio hasiera aurtengo ‘Kantu eta Hitza’ zikloari: kontzertu txikien ziklo bat da, Iruñeko Udalak euskarazko kultur programazioaren barruan antolatua, eta maiatzaren 15etik ekainaren 19ra izanen da aurten, O-ko Andre Maria plazan.
Gaurtik aurrera erosten ahal dira Jon Maiaren kontzerturako sarrerak, 15 euroan, Baluarteko leihatiletan edo zentroaren webgunean. 19:30ean hasiko da bertsolari zumaiarraren ikuskizuna.
2021ean antologia bat argitaratu zuen Jon Maiak azken hogeita hamar urteetan idatzitako abestien hitzekin, eta bilduma horretatik abiatuta sortu du ‘Kantu berri bat gara’ ikuskizuna. Lan berri honetan, ordea, abesti berriak dira gehienak, nahiz eta badiren tartean bertsio batzuk ere (Negu Gorriak eta Gozategi taldeen eta Gariren eta Pello Reparazen kantuenak besteak beste). Maila handiko kolaboratzaileak izan ditu lagun proiektu berrian: hala nola Itziar Ituño, Olaia Intziarte, Maddalen Arzallus eta Luis Pastor. Silvio Rodríguez bakarlari kubatarrak ere parte hartu du proiektuan: Nostalgia kantua abestu du, euskaraz.
Jon Maiak nortasuna eta transmisioa izan ditu ardatz ‘Kantu berri bat gara’ lanean, azken urteetan garrantzi berezia izan baitute artistaren bizitzan, eta edertasuna eta emozioak oinarri hartuta heldu die bi gai horiei. Bertsolari zumaiarraren ikuskizunak ez dira ohiko kontzertuak bezalakoak: proiekzioak, gonbidatu bereziak, bat-bateko jarduna eta sorpresa ugari izan ohi dira haren kontzertuetan. Ohi bezala, musikari hauek izanen ditu ondoan apirileko kontzertuan: Gorka Hermoso (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa), Natxo Soto (pianoa eta sintetizadorea) eta Nerea Quincoces (perkusioa eta ahotsa).