Iruñeko Udalak 2024ko Korrikari emandako 6.000 euroko diru laguntza legezkoa izan zela ebatzi du Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 3. epaitegiak. Ondorioz, baliorik gabe geratzen da 2024ko azaroan Nafarroako administrazio epaitegiak emandako epaia. Orduan arrazoia eman zion Pompaelo elkarteari, zeinak udala auzitara eraman zuen Korrikan «terrorismoa goratzen» dela argudiatuta. Udalak helegitea aurkeztu zuen eta orain Joseba Asiron buru duen erakundeari eman dio arrazoia epai berri honek.
Iruñeko EH Bildu taldea pozik agertu da epaiarekin ospatu, “zeinek arrazoia eman dion udalari, Korrikaren kilometroa zuzenbidearekin bat zetorrelako, Pompaelo Elkartearen, UPNren eta PPren akusazioak gezurtatuz”. Alderdiaren esanetan, epaiak “zorroztasunean, legezkotasunean eta gardentasunean oinarritzen den kudeaketa egokia berresten du”.
Alderdi subiranistak azpimarratu du UPN eta PP agerian geratu direla ebazpen honekin: "Eraso politikoak egiteko erabili nahi izan dute auzia, bi zinegotziren dimisioa eskatzera iritsiz. Orain euren akusazioetan atzera egin beharko dute eta Udalak Korrikan izan zuen parte-hartzea zuzenbidearen araberakoa izan zela onartu beharko dute".
EH Bilduk azpimarratu du Udaleko gainerako taldeek, adostasunaren eta euskararen normalizazioan aurrera egitearen aldeko apustua egiten duten bitartean, UPN eta PP gaia erabiltzen saiatu direla euskararen aurkako diskurtsoa zabaltzeko asmoz: "Errealitateak haien errelatoa bertan behera utzi du eta bere jarrerak herritarren gehiengoaren borondatetik urruntzen ditu".
Halaber, epaiak euskararen aldeko ekimenen zilegitasuna berresten duela adierazi dute: "Euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatzen duten politikak bultzatzen jarraituko dugu, eta gure hirian euskara sustatzen laguntzen duten dinamika sozialekin elkarlanean jarraituko dugu".