Badira futbola baino askoz ere garrantzitsuagoak diren gauzak, eta horietako baten ondorioz, gizonenen Osasuna jokatu gabe gelditu zen asteburuan. Partida hasi baino ordu batzuk lehenago, Carles Miñarro zendu zen, Bartzelonaren medikua, hotelean taldearekin bilduta zegoela. Blaugranek partida bertan behera uzteko eskatu zuten, eta Osasunak ez zuen inongo trabarik jarri. Ordea, partida egutegian trabatuta gelditu daiteke, zaila izango baita data berri bat aurkitzea.
Emakumeen taldeak, berriz, oso garaipen baliotsua lortu zuen atzo Balears taldearen zelaian. 0 eta 2 gailendu ziren gorritxoak, lehen zatian Carmen Sobronek eta Maria Barquerok sartutako golei esker. Hiru hilabete luzeren ondoren, etxetik kanpo irabazteko gai izan zen Iosu Dominguezen taldea. Eta denboraldi honetan bigarrenez, jarraian bi partidatan nagusitu da.
Sailkapenean jauzi nabarmena egitea ekarri du horrek: jaitsiera postuak zortzi puntura utzi ditu, eta playoff eremua hiru puntu eskasera du orain. Zortzigarren dago une honetan, eta igandean laugarren sailkatua, Lleidako AEM hartuko du Taxoaren. Gizonek ere igandean eta etxean jokatuko dute hurrengo partida, Getaferen aurka.
Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Kirolerria saioko ‘Osasun-etxea’ tartean. Solasaldia hemen entzungai.