MARTXOAK 8 'FAXISMOAREN AURKA'

Desberdinkeriaren aurrean benetako justizia aldarrikatuko du Iruñeko Udalak Emakumeen Nazioarteko Eguna

Bidane Beloki Ezker 2025ko mar. 3a, 12:36

Iruñeko Udalak kanpainarako diseinatutako kartelaren irudia.

Martxoaren 1etik 16ra bitartean, Emakumeen Nazioarteko Egunari lotutako hainbat jarduera antolatu ditu udalak "Desberdinkeria errealitate, justizia lortzeke" lelopean.

Legediak eta araudiek berdintasun formala jasotzen duten arren, oraindik ez da benetako berdintasunik lortu, emakumeek oztopo nabarmenak baitituzte eguneroko bizitzan. Beregan hartzen dituzten lanaldi bikoitz eta hirukoitzak nabarmendu ditu kanpainak. Horretarako, ‘Benetako desberdintasuna, justizia’ lelopean abiatu du kanpaina Iruñeko Udalak.

"Bada garaia fake news eta mito antifeministak atzean uzteko, berdintasuna jada lortuta dagoela baieztatzen baitute", azaldu du Zaloa Basabe Berdintasun zinegotziak. Kanpaina martxoaren 1etik 16ra luzatuko dute eta egunotan hiru antzezlan, zineforumeko bi saio, podcast baten grabazioa, Emakumeen Etxean topaketa bat eta gremioetan eta lanbide ezberdinetan XVI. mendetik XX. mendera emakumeek izan zuten presentziari buruzko txosten bat aurkeztuko dute.

Emakume artistek duten papera ere aldarrikatuko dute Femkultur diziplinarteko jaialdiaren bosgarren edizioan. Sei artistaren hamar proposamenekin, emakumeek arte sorkuntza garaikidean duten presentzia eta arte sortzaile gisa duten eginkizuna aldarrikatuko dute.
Halaber, udalak mugimendu feministek antolatu dituen ekitaldi eta elkarretaratzeetan parte hartzera deitu du.

Datuak arrakalaren erakusle

Legeak neurri batean berdintasuna bermatzen duen arren, datuek ez dute hori islatzen errealitatean. Nafarroan emakumeek gizonek baino %20 gutxiago irabazten dute, eta lidergo-postuetan %36 baino ez dira emakumeak. 2020an, lanaldi partzialeko enpleguen %80 baino gehiago emakumeek betetzen zituzten, eta, gainera, familia betebeharrek lanaldia baldintzatzen dutela diote ia hamar emakumetik bederatzik, %87ak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!