Urte erdiz itxita egongo da Labrit pilotalekua

Euskalerria Irratia 2025ko mar. 3a, 11:48

Uztailaren 15etik abenduaren 31ra Iruñeko Labrit pilotalekua itxita egongo da bertan egingo diren zaharberritze lanak amaitu bitartean. Milioi bateko aurrekontua izanen dute obrek.

Iruñeko Udalak Labrit pilotalekuaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko obrak egingo ditu urteko bigarren seihilekoan. Sorkuntza termikoko eta aireztapeneko ekipoen ordez, ekoizpen berriztagarriko eta energia berreskuratzeko ekipoak jarriko dira, eraikinaren estalkia aztertu eta doitzeaz gain.

Iruñeko Udalak 283.257,10 euro jaso ditu, obra horietarako aurreikusitako guztizko inbertsioaren % 31,14, "Sektore publikokoak ez diren eraikinetan, establezimenduetan eta azpiegituretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko laguntzak" izeneko deialdiari esker, Next Generation EU Berreskuratze Funtsaren bidez, eraikin publikoetako energia-eraginkortasunean oinarrituta. Emandako laguntza horrekin, Iruñeko Udalak instalazioen hobekuntzari eraikinaren estalkia berrikusiko duen proiektu arkitektoniko batekin eta instalazio berriak hartzeko duen gaitasun estrukturalarekin laguntzeko beharra ikusi du, instalazio horiek eraikinean eta ingurunean estetikoki nola integratzen diren aztertzeaz gain, jarduketak Iruñeko Alde Zaharreko multzo historikoaren inguruan egiteko berezitasuna baitu, 1968tik Interes Kulturaleko Ondasun izendatua. Proiektu hau Pilotaren Munduko Hiriburu izateko Iruñeko Udalak abian jarritako ekintzen barruan kokatzen da.

Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi delegatu Borja Izagirre Larrañagak proiektu baten xehetasunak azaldu ditu. Proiektu horren barruan sartzen dira sorkuntza termikoko instalazioen deskarbonizazioa eta horien ordez sorkuntza berriztagarri eta efizientzia handiko ekipoak jartzea, makina-aretoa frontoiaren estalkietako batean birkokatzea eta indarrean dagoen araudia betetzeko beharrezkoak diren egokitzapenak. Gaur egun, frontoiak sorkuntza termikoko sistema bat du, eraginkortasun gutxiko ekipoen eta jatorri fosileko energia-iturrien bidez (gas naturala, adibidez). Aste Santuaren ondoren behin betiko proiektua prest egotea aurreikusten da, obrak maiatzean lizitatu eta San Fermin jaien ondoren hasi ahal izateko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!