Koko-zuriek eta beltzek trapu zaharrak garbituko dituzte plazan igandean

Bidane Beloki Ezker 2025ko ots. 28a, 13:52

Igandean ospatuko dute Iruñeko inauteri euskalduna: Iruinkokoa. Goizeko 09:30ean hasiko da karrika ingurua Zaldiko Maldikotik eta Telleria kalean, Txalaparta argitaletxean, AEK Iruñezar euskaltegian eta Ortzadarren egingo dituzte paradak; eguerdian Santa Ana Plazan izango da emanaldi nagusia. Aritz Ibañezek eman ditu xehetasunak.

Urteroko hitzordua dugu ate-joka, igandean izango da Iruinkokoa. Trapu zaharrak plazara ateratzen dituen Iruñeko inauteri euskalduna, aldarrikapen politikoz, umorez, musikaz eta kolorez josia. Gorputzarekin Komunikatzen diren koko-zuriak, antzerki jelkaldiak egiten dituzten koko-beltzak, bertsolariak eta musikariak.

Goizean goiz abiatuko da Iruñeko inauteria eta karrika inguruko  geldialdi bakoitzean jatekoa eta edatekoa jaso, eta trukean, esker onean dantza eginen du Iruinkokoak. Eguerdi partean, Santa Ana Plazan izango da ekitaldi nagusia.

Antza, oraindik Iruinkokoak ez du Mañuetako frontoia estreinatuko, euririk ez baitago iragarrita iganderako. Halere, beharbada, Santa Ana Plazan egingo duten azkena izango da aurtengoa eta horixe bera ere izan daiteke antzezgai. Ibañezen aurreikuspena baina ez da hori, gaiak unera arte sekretuan gordetzen baitituzte. Igandean ikusiko dugu beraz zeintzuk diren Iruinkokoak garbituko dituen trapu zaharrak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!