Gazteentzako deskontuak billabesetan uztailetik aurrera

Bidane Beloki Ezker 2025ko ots. 27a, 09:57

Doakoa izanen da 15 urtetik azpikoentzat eta 15 eta 30 urte artekoek prezio erdia ordainduko dute hiri garraioan. Gainontzeko tarifa orokorren deskontua mantendu, baina %40ra jaitsiko da.

Iruñerriko Mankomunitateak garraio ordenantza berria onartu du, Espainiako Garraio Ministerioak iragarritako laguntzak aplikatu eta tarifa berriak ezartzeko. Beherapen hauek urteko bigarren seihilekoan aplikatuko dira. Hauek dira neurriak: garraio publikoaren erabilera doakoa izanen da 5-14 urte bitarteko haurrentzat, eta % 50ekoa 30 urte arteko gazteentzat; bost urtetik beherako haurrek, orain artean bezala, ez dute ordainduko.

Iruñerriko Mankomunitatearen aurreikuspenen arabera, 20.000 haur inguruk jaso dezakete laguntza eta txartelen eskaera pilaketa saihesteko, baliteke eskuratzea data aurreratzea San Fermin jaiek eragiten duten mugimendua dela eta.

Gainontzeko tarifa orokorrei dagokienez, txartelarekin ordaindutako bidaietan deskontua mantenduko dute, baina uztailetik aurrera %40koak izanen da. Hala, hauek izango dira tarifak: eguneko tarifa orokorra 0,50 euro; gauekoa, 0,73 eurokoa; 65 urtetik gorakoek eta desgaitasun handiren bat dutenek 0,23 euro ordainduko dituzte; familia ugariek eta guraso bakarrekoek, 0,35; eta gizarte bazterketa jasaten dutenek 0,12 euro.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!