Iruñeko Udalak sanferminetako programa nagusiari keinu egin dio: Eskaileraren kosketako bakoitzean ekitaldi batzuk antolatu ditu. Jarduerak eta ekitaldiak antolatu dituzte, festekiko grina pizteko xedez. Horretarako, koska bakoitzak jaiegunetako bat izanen du ardatz: sanferminetako egun bakoitzari dagokion programa tematikoa antolatu dute. Hori horrela, martxoaren 3an (astelehena) Eskailerarekin lotutako ekitaldietan Haurren eguna ospatuko dute, eta besteak beste, jolasak, diskofesta eta zezen gurpilduna antolatu dituzte. Gainera, Elkarbizitzaren eguna eta Senidetzeen eguna ospatuko dituzte, besteak beste.
Gaur goizean Eskaileraren programa aurkeztu du Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Zinegotzi Ordezkariak: 188.723,29 euro inbertitu dituzte jarduera horretan, Next Generation EU Europako funtsek finantzatuta eta Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren bidez. Proposamenak sei jarduera barne hartzen ditu: hilabete bakoitzean bat, urtarriletik ekainera. Gainera, baliteke beste jarduera bat egitea irailean. Ekimenaren bidez, Udalak sanferminen urtarokotasuna hautsi nahi du, eta festak hiriaren erdigunean ospatzeaz gain, beste toki batzuetara ere eraman nahi ditu. Horretarako, kultur proposamen bat eskaintzen du, festak hasi baino lehen, festen bitartean eta ondoren. Horrekin guztiarekin batera, festen sinbologiari eta tradizioari eutsi nahi diote, hiriko kulturan eta hirian bertan ezinbestekoak baitira.
Programak festa bera eta hiriarekin lotutako kontakizuna islatzen ditu, jende orori zuzenduta dago, eta garrantzia eman nahi die jaien izaera herrikoiari eta programaren aberastasunari. Eskaileraren sei koskak Iruñeko auzoetan eta guneetan barna doaz, eta festa hiriko txoko guztietara eramaten dute. Gainera, sanferminetako jaiegunen tematikarekin jolasean arituko da. Aurtengo bi lehenengo Eskailerak ospatu dituzte dagoeneko:
Urtarrilaren 1eko Eskaileran pregoi bat egin zuten, festetako ekitaldi ospetsuenetako bat hizpide hartuta: su artifizialak. Egun horretan hasi zen festetarako atzerako kontaketa, eta erloju digital baten bidez abiarazi zuten. Atzerako kontaketa hori koska guztietan egonen da ikusgai. Otsailaren 2an Adinekoendako egunari lotutako programa bat jarri zuten martxan: Iturrama musikaz bete zuten. Programa osatzeko, mexikarrak eta jotak jo zituzten.
Martxoak 3: Haurren eguna
Martxoaren 3an (astelehena) hirugarren koskaren txanda izanen da: hiriko haurrendako programa bat izanen da. Izan ere, ikastetxeetan jaieguna da, Inauterien harira. 11.00etan, jarduera hauek eginen dituzte Askatasun plazan: egurrezko jolasak eta puzgarriak. 14:00etaraino egonen dira zabalik, eta 16:00etatik 17:30era zabalduko dituzte berriro. Ordu horretatik aurrera, 17:30etik 18:00etara, eskorga-zezenen txanda izanen da, txikienen artean zezen-lasterketen grina pizteko. Festaren amaieran, familia guztiarendako diskofesta bat eginen dute plaza horretan bertan, 18:00etatik 19:00etara.
Apirilaren 4an, ostiralarekin, aniztasuna eta kulturartekotasuna jorratuko dituzte. Izan ere, Elkarbizitzaren eguna ospatuko da egun horretan, eta kultur proposamen bat antolatu dute Arrotxapeko Anelier pasealekuan. Programa 18:00etan hasiko da, eta hiru ordu iraunen du, 21.00etara arte. Hainbat musika-taldek beren kantak joko dituzte, aniztasuna oinarri hartuta.
Maiatzaren 5ean (astelehena), bosgarren koska ospatuko da, Ziudadelan: Iruñeko eta Nafarroako ohiturak sustatuko dituzte, eta Iruñearekin senidetutako hiriak ekarriko dituzte gogora; Baiona (Frantzia), Yamaguchi (Japonia), Paderborn (Alemania) eta Pamplona (Kolonbia) dira hiri horiek. Bertsolariak, dantzariak, txistulariak eta gaiteroak arituko dira, herri-kirolak eginen dituzte, eta antzerki erako bisita bat eginen dute Ziudadelara.
Azken koska ekainaren 6an izanen da, ostiralarekin. Yamaguchi izanen da jardueren ardatza, eta Eskailerarekin lotutako festen azken ekitaldia izanen da, sanferminak gertuago dauden seinale. Izan ere, sanferminetako egun bat antolatu dute, baina ekitaldi gutxiagorekin: haurrendako gune bat eta ‘Kirolari’ izeneko nerabe eta gazteendako kirol-jokoen gune bat antolatuko dituzte, eta musikak ere garrantzia izanen du.
Udalak antolatutako programari esker, sanferminetako kultur eta aisialdirako eskaintza hurbildu nahi zaie herritarrei; hala, jaiaz gozatzen ahal dute herritarrek, lasai-lasai. Izan ere, Eskaileraren helburua hori da. Gainera, Ignacio Baleztenak idatzitako abesti batean du jatorria Eskailerak. Hiriko peñek eta elkarteek urteak eta urteak daramatzate Eskailera ospatzen, eta horretarako, bazkariak eta afariak antolatzen dituzte. Halaber, San Fermin kaperan meza bat egiten dute koska bakoitza ospatzeko. Helburua da herritar guztiek parte hartzea atzerako kontaketan, eta uztailaren 6ko Txupinazoan sanferminez gozatzeko prest egotea.
Eskalerikaren bidez, sanferminen historiaren eta festaren balio kulturalaren inguruan sentsibilizatu nahi dira herritarrak, eta gainera, garrantzia eman nahi zaie errespetuari, berdintasunari, jasangarritasunari eta gizalegeei. Bestalde, bultzada eman nahi zaie hiriko auzoetako ostalaritzako lokalei eta saltokiei, eta hiriaren eta sanferminen irudia kulturarekin lotu nahi dute.
KOSKAK
-
Martxoak 3, astelehena: Haurren eguna (Askatasun plaza)
-
11:00 – 14:00 eta 16:00 – 17:30: egurrezko jolas tradizionalak eta puzgarriak
-
17:30 –18:00: eskorga-zezenak
-
18:00 – 19:00: diskofesta
-
-
Apirilak 4, ostirala: Elkarbizitzaren eguna (Anelier pasealekua).
-
Maiatzak 5, astelehena: Ohiturak eta senidetzeak (Ziudadela)
-
Ekainak 6, ostirala: Festaren amaiera (Yamaguchi parkea)