Iruñeko Udalak Egile berriendako euskarazko literatura lehiaketaren 34. edizioko sariak eman ditu. Amaia Jasok idatzitako Nor eta gu izan da narrazio irabazlea eta Xabier Goñiren Gaua pizturik gailendu da poesian. Hemeretzi lan aurkeztu dira aurten eta hamar saritu dituzte. Narrazio laburren kategorian sei lan aurkeztu dituzte eta beste hamahiru lanak poesian.
Amaia Jasok maitasunari buruz idatzi du, epaimahaiak nabarmendu bezala “ondo landutako narrazio baten bitartez”. Zeharka, komunitate baten harremanen bizipenak ere jorratzen ditu, iragana eta oraina tartekatuz. “Izenburu misteriotsua, ondo lotutako gertaera multzo bat, eta kontakizuna eramateko modu leun eta gozo bat”, dira azpimarratutako elementuak.
Poesia sailean, lehen saria Xabier Goñiren Gaua pizturik lanari dagokio. Poema “dotorea” darabilen “hizkuntzagatik, gaiagatik eta espirituagatik”. Aipamen berezia egin diote egilearen “errealitatearen hautemate poetikoari”. Finean, epaimahaiak poesiari buruzko ikerketa eta bizitzari buruzko hausnarketa aldi berean eramaten dituela nabarmendu du.
Joseba Asiron alkateak, Maider Beloki Kultura zinegotziak eta Iñigo Gomez arloko zuzendariak sariak eta accesitak banatu dizkiete lan onenei. 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak izan dira sariak eta accesiten kasuan 250 eurokoa.
Gainontzeko saridunak
Narrazioan bigarren saria Naroa Romeok jaso du Arrakalak testuarekin. Emakume gazte bat du protagonista eta bere barne mundua islatzen du. “Ondo harilkatutako testua” eta eguneroko bizitza ongi islatzen duena, epaimahaikideen arabera.
Hirugarren sariak ere badu emakume bat protagonista. Ainara Tirapuren Joy narrazioak emakume etorkin baten lehen pertsonako kontakizunak jaso ditu. Epaimahaiaren arabera, “hunkigarria eta batzuetan oso gogorra ere bai”. Sinplea baina errealista dela iritzi diote.
Ihes-liburua izeneko ihes-liburuak jaso du accesita. Aimar Arañak escape book estiloan idatzi du narrazioa, “abentura, alaitasuna eta misterioa” dituen thrillerra da.
Poesiako lanen artean Saioa Alkaizaren Inplosio bat azalean nabarmendu du bigarren epaimahaiak. Poema sakon eta garaikideen multzoa da, kezka sozial, ekologiko eta politikoak uztartzen dituzten testuekin. Zeharka eta ironiaz, poesia idazteari buruz ere hitz egiten du, bilaketa pertsonalean modalitate desberdinak txirikordatuz.
Hirugarren saria Iñigo Satrustegik jaso du Mundua oker badago, etzanda irakurtzeko lerroak poesiarekin. Poema luze bakarra da, eta pentsamendu kritikoaren haria kolpe bakarrean landu du idazkera dibertigarri eta oso aberatsarekin.
Gainera, poesiaren modalitatean hiru accesit eman dituzte: lehena Amets Arangureni Apatiari poema-liburuarengatik; bigarrena Odei Ruizi Isilpeko argi ilunak lanarekin; eta azkena Amaia Elizagoienek jaso du ‘Utopia txiki bat gure herrian’ poema-liburuarekin.