Otsailaren 28an hasiko da Irriziklo euskarazko antzerki programaren edizio berria, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatuta. Umore baliabide nagusitzat hartuta, formatu txikiko eta euskarazko lau proposamen aukeratu ditu aurten ere. Obrak martxoaren 19ra arte Nafarroako Antzerki Eskolan taularatuko dira, 19:00etan.
Barrexerka Konpainiaren Nahastumbury lanak irekiko du zikloa, otsailaren 28an. Ikus-entzunezkoak erabiltzen dira antzezlan honetan, hainbat umore-estilorekin ekoitziak. Emanaldi berritzailea eta dinamikoa. Mikel Irazusta eta Maialen Sorzabalbere dira gidoiaren egileak, Ekain Arrietarekin batera. Aktore lanak ere egingo dituzte, Graxi Arregi, Amaia Iraundegi, Garazi Mitxelena, Amaia Rojo eta Nerea Aranbururekin batera.
Bigarren hitzordua, martxoaren 5ean, Lanku Kultur Zerbitzuen Ztandap lanarekin izango da, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen gidoiarekin eta zuzendaritzapean. Bakean Dagoena Bakean Utzi eta Luze edo Motz lan arrakastatsuen harira, generoa jorratzen dute umorearen bitartez. Egileek eguneroko kontuak jorratzen dituzte beren betaurreko moreekin, eta, horretarako, arrakala orgasmikoa, maitasun erromantikoa, andreak edo bizikidetza bezalako gaiak deseraikiko dituzte, besteak beste.
Irrizikloaren hirugarren proposamena, Promesa berdina egin diegu lagun guztiei, Infinito taldearen formatu txikiko antzezlana da eta martxoaren 12an taularatuko da. Poesia, performancea eta umorea nahasten dituen emanaldi honetan, Intza Alkain eta Maite Aizpurua Olaizola aktoreek fikziozko lagun talde bat izatera jolastuko dute, ikusleen laguntzarekin. Euforiaren erdian adiskidetasun erromantikoa eta taldearen apologia agertuko dira. Isiluneetan, aldiz, kontraesanak, galderak eta galerak. Eta hanka sartuko dute, barruraino eta behin baino gehiagotan. Adiskidetasuna komunitateek harilkatzen duten alkimia dela sinetsita, amaieraraino eramango dute sorpresaz beteriko ospakizuna.
Zikloaren amaiera, martxoaren 19an, Flop Kultura Euskalerria Irratiko podcast-aren eskutik iritsiko da. Eneko Garcia eta Danel Pascualek umorearen bitartez gaurkotasunaren eta pop kulturaren hainbat alderdiri buruz duten ikuspuntua adierazten dute, eta gaur egungo ikus-entzuleen interes-guneetara hurbiltzen dira.
Sarrerak salgai daude jada Nafarroako Antzerki Eskolako leihatilan edo http://www.laescueladeteatro.com webgunean, 5 eurotan. Lau hitzorduetarako bonu bat eskuratzeko aukera ere badago, 16 euroren truke.