Asteazkeneko hitzordua bikoitza da. Iratxe Fresnedaren Errotatiba eta Mikele Landaren Noizko Basoa film laburrak proiektatuko dituzte, dohainik, eta zuzendariek filmen ondoren solasaldia eskainiko dute. Emanaldia Kondestablearen Jauregian izango da, arratsaldeko 19:00etan. Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Ateneoaren neguko programazioaren baitako proposamena da.
Errotatiba memoriaren hauskortasunari eta gizakiak hura babesteko sortzen dituen lekuei buruzko film laburra da. Pertsonak desagertu egiten dira, bizi izan ziren eraikinak bezala. Lantokiak eta zoriontsu izandako lekuak ere, desagertzen dira. Inoiz memoria idatziaren parte izan diren aurpegi eta bizitza horiek desagertu egingo den memoriarekin batera galduko dira, ezer ez baita betiko. Iratxe Fresneda egileak azaldu duenez, urak dakarrena, urak eramaten du.
Berritik hasten den baso baten historia jasotzen du Noizko Basoa ikus-entzunezkoak. Herri batek inoiz ikusi ez zuen paisaia gogoratzen du. Lur lehorra astintzen duten eskuak, aitzurrak eta botak. Hemen sortzen da ibaia etengabe, eta ahantzitako hizkuntza bat xuxurlatzen du. Mikele Landak galderak egin dizkio bere buruari: “Baso bat landatu daiteke? Inork izendatuko du? Nor biziko da baso honetan, izatera iristen denean? Non hasten da herri bat?”.