Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta Memoria, Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria parlamentuko Memoria batzordean egon da. Erorien Monumentuaren inguruan azaroan aurkeztutako akordioaren iritzia eskatu dio Zurekin Nafarroa alderdiak. PSN, EH Bildu eta Geroa Bai alderdiek Erorien Monumentua adiera-berritzeko adostutako proposamenaren inguruan honakoa esan du: "Agian ez du erabateko adostasun politiko eta soziala, baina bai gehiengo demokratiko batek ematen dion adostasun nahikoa". "Nafarroan dagoen eraikin frankistarik lotsagarriena da eta eraikin iraingarri frankista izaten jarraitzen du. Ezin dugu onartu Erorien Monumentuan ezer egitea".
Kontseilariak adierazi du ulertzen eta sentitzen duela akordioaren inguruan elkarte memorialistek duten sentimendua. “Uste dut akordioan planteatutako gai batzuk, hala nola eraikinari Maravillas Lamberto izena jartzea, beharrezkoa ez den sufrimendua eragin dezakeela, eta berrikusi daitekeela " eta gaineratu du prozesua eraikinaren jabeak, Iruñeko Udalak bideratu behar duela.
"Udalari dagokio erritmoa edota ibilbide-orria markatzea, Erorien Monumentuaren inguruko edozein erabaki edo konponbiderako eman beharreko pauso asko hortik baitatoz". Zurekin Nafarroako bozeramale Carlos Guzmanek akordio programatikoa urratzea egotzi dio. Horren aurrean, Ollok gaineratu du "Nafarroako Gobernuko kontseilari eta memoria-politiken arduradun gisa, hiru indar politikok sinatu dugun akordio programatikoa errespetatzea dagokit. Besteak beste, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza-protokolo bat errazteaz hitz egiten duen puntua, Erorien Monumentuaren etorkizunerako adostutako proiektu bati elkarrekin aurre egiteko akordioa. Hori da PSNk, Geroa Baik eta Zurekinek sinatu duguna. Akordio programatikoak desadostasunak jasotzen ditu, eta, hala ere, ez dago bat bera ere Erorien Monumentuen inguruan".