Sanduzelai auzoaren eraldaketaren inguruko parte-hartze prozesua asteazkenean, otsailaren 12an, amaituko da, 18:30ean, auzoko Civivoxean egingo den bilerarekin. Bertan, iazko maiatzetik azarora bitartean herritarrek egindako ekarpenen laburpena azalduko da. 250 pertsonak baino gehiagok egin dituzte ekarpenak, eta hautatutako hiru proposamenak idatzi dituzten taldeei bidaliko zaie prozesuaren azken txosten teknikoa, beren proiektuak egunera ditzaten.
Orduan abiatuko da parte-hartze prozesuaren azken fasea. Ekainean hautatuko da proposamen irabazlea. Erabakia hartu aurretik, auzoak eta epaimahai teknikoaren irizpenak iradokitako hobekuntzak sartuko dira proposamen bakoitzean. Azkeneko txanpa honetara hiru proposamen iritsi dira: "Más barrio y menos barreras" (Labit Group), "Tres en raya" (Ramon Garitano, Simón Garitano eta EOS Ingeniería, S.L.) eta "Verde-ANDO" (OFS Sociedad Cooperativa Profesional eta SERTECNA).
Horiek guztiak Sanduzelai eraldatzeko ideien lehiaketako epaimahai teknikoak aukeratu zituen. Hiru proiektuak bat datoz Nafarroa etorbidea auzotik igarotzean lurperatzeko beharrarekin, nahiz eta bakoitzak irtenbide desberdinak proposatzen dituzten. Oinezkoentzako espazio berriak, berdeguneak eta barruko plazak biziberritzeko ideiak ere jasotzen dituzte. Inbertsioa 14,5 eta 31,5 milioi euro artekoa da, nahiz eta zifra horiek behin-behinekoak diren oraindik.
Eztabaida hiru fasetan egituratu da. Lehenengoa, diagnostikoa eta sentsibilizazioa, iazko maiatzean eta ekainean egin zen. Bigarrena, ekarpenak eta iradokizunak jasotzekoa, 2024ko urrian eta azaroan garatu zen. Azkenik, hirugarren fasea, ebaluazio-fasea, aurreko faseak egitearekin batera egin zen. Partaidetza-prozesua amaituta, proiektuen egileek beren proposamenak eguneratu beharko dituzte, partaidetza-txostena eta epaimahaiak hautaketan egindako irizpen-gomendioak kontuan hartuta.
Orduan hasiko da azken urratsa, prozedura negoziatua, non hiru talde idazleek behin betiko diseinu-proposamenak eta proposamen ekonomikoak aurkeztu beharko dituzten. Epaimahaiak erabakiko du, orduan, zerbitzu-kontratu baten bidez garatuko den proposamen irabazlea.