Gora Musikak 100 dantzari, Pamplonesa musika banda eta 44 erraldoi bilduko ditu ekainaren 8an Nafarroa Arenan

Unai Lako Goñi 2025ko urt. 29a, 15:41

Diru sarreraren zati bat ANELA eta Hodeilargi elkarteentzat izango da, hurrenez hurren, alboko esklerosi amiotrofikoa eta Batten gaixotasun arraroa duten pertsonen alde lan egiten duten elkarteak

100 dantzari, 44 erraldoi eta Pamplonesa musika banda ikusiko ditugu taula gainean ekainaren 8an, Gora Musika umeentzako talde berriaren eskutik. Elkartasun jaialdi erraldoia prestatu dute Nafarroa Arenan, San Fermin aurreko giro betean egingo dena.

Koloretsua, bizia eta musikaz eta dantzaz beterikoa. Horrelako ikuskizuna prestatu du Gora Musikak, haurrentzako talde berriak. Bere lehenengo proiektua izango da. Oso berezia. Elkartasun jaialdia izango delako. Hunkituta zegoen gaur goizeko agerraldian Gora Musika taldeko kidea den Urko Oskoz. Hodei eta Ilargi Lizarraldeako neba-arrebak Batten izeneko gaixotasun arraroa dute. Bizi esperantza ez da oso handia eta hartu behar dituzten sendagaiak oso garestiak dira. Bi ume hauen gaixotasunaren berri emateko sortutako Hodeilargi izeneko elkartearentzat joango da sarreren diruaren zati bat. Alboko esklerosi amiotrofikoa dutenen alde lan egiten duen ANELA elkartearentzat ere joango da beste zati bat.

Nafarroa Arenako pistan 200 artista baino gehiago arituko dira ikuskizunari bizia eta kolorea ematen. Sorpresa asko egongo direla iragarri dute antolatzaileek eta lagun oso bereziez inguratuko dira: ikastola eta eskola desberdinetako 100 dantzari eta Iruñeko Aldezar, Mendillorri, Barañain, Ezpelur, Burlata, Atarrabia eta Bidasoako erraldoiak, 44 guztira. 20 kanta izango dira osotara, guztiak Pamplonesa musika bandak zuzenean joko dituenak.

Sanferminen aurreko giroa piztu nahi dute ikuskizunarekin eta ikusleei zuriz eta gorriz jantzita joatea eskatu diete. Nafarroa Arenako harmailak betetzea espero dute taldeko kideek. 8.000 sarrera jarri dituzte salgai eta ia erdiak saldu dira jada lehenengo astean. 14 eurotan eskuratu daitezke, Nafarroa Arenako webgunean.

Emanaldirako bideoklip berezia egin dute:

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!