Paris 365eko jangelak bertan behera utzi ditu aurrez aurreko afariak salbuespeneko neurri gisa, baliabide falta eta segurtasun arrazoiengatik hartu dute erabakia.
Hala ere, jantokiak gosariak eta otorduak ematen jarraituko du, eta, afaltzeko tupperrak emango dizkiete erabiltzaileei. Dagoeneko dinamika honen berri izan duten erabiltzaile guztiek, baita jantokian kolaboratzen duten boluntarioek ere.
Afari presentzialak bertan behera uzteko erabakia lan-saturazioagatik da nagusiki erakundeak ohar batean jakinarazi duen bezala. Izan ere, Iruñean eta eskualdean pobrezia-egoeran dauden pertsonek arreta integrala ez jasotzearen ondorio da gainkarga hori eta "Paris 365eko baliabide eta hornidurak ez dira nahikoak”, eta ondorioz, erakundera hurbiltzen den jende askori beharrezko laguntza ukatzea besterik ez zaiela geratzen deitoratu dute.
Hori ez da kezka bakarra gainera. Afari-txandan jantokiko sarreran jende gehiago pilatzen da eta egoera problematikoak eragin ditu horrek. Salatu dutenez, "berehalako laguntza baten bila doaz gehienetan eta drogarekin trafikatzeko kasu batzuetan".
Txanda horiek boluntarioekin betetzen direnez, erabiltzaile zein boluntarioen segurtasuna bermatzeko, afariak modu ez presentzialen ematea erabaki dute denbora tarte batez. Hala ere, "elikadura eta janzkera duina urteko 365 egunetan bermatzeko" misioa bere horretan mantentzen dutela adierazi dute.