KIROLERRIA

Amaiera tragikoa

Eñaut Agirrebengoa 2025ko urt. 27a, 17:13

Osasunak ezin izan zion Las Palmasi irabazi, gol-aukera oldea eduki, markagailuan aurrea hartu eta jokalari bat gehiagorekin aritu arren.

Minutu luzez kontrolpean izandako partidak eskuetatik ihes egin zien gorritxoei, eta 98. minutuan jaso zuten banako gola, errebotez, falta batean.

Atsedenera hutsean iritsi zen partida. Harrigarria izan zen, Osasunak denetariko aukerak izan baitzituen. Lehena Ruben Garciaren eskutik iritsi zen, langa ukitzeko zorian izan zen falta batean. Gero, kamustuta dabilela berretsi zuen Budimirrek. Barja, ordea, gora doa pixkanaka, eta ostiralean gola ospatuko zukeen, zutoinarekin topo egin izan ez balu.

Merezitako saria atsedenaren ondoren jaso zuten nafarrek, Aimar Orozen eskutik. Aratzurikoa distiratsu aritu zen beste behin. Osasunak, ordea, itzaltzera egin zuen pixkanaka. Tarte batez 0-2koa sar zezakeela zirudien, baina azken ordu erdian guztiz uzkurtu zen. Hain justu, jokalari bat gehiagorekin geratu ostean. Antsietatearen gatibu, gorritxoek ez zuten jakin partidaren bukaera kudeatzen. Eta larrutik ordainarazi zien hori Las Palmasek, azken unean banako gola eginda.

Osasuna, beraz, garaipenik gabe gelditu zen, bederatzigarrenez jarraian. Hori bai, paradoxikoa dirudien arren, Europa gertuago du orain, hiru puntura. Eta eutsi egin dio, halaber, jaitsierarekiko zazpi puntuko aldeari.

Partidaren analisia egin dute Unai Lakok eta Oier Zumarragak, Eñaut Agirrebengoaren gidaritzapean. Solasaldia hemen entzungai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!