Iruñeko Gizarte Zerbitzuetako langileek lanean jasandako "presioak eta erasoak" salatu dituzte eta 2024an lan arriskuen prebentziorako 28 espediente ireki dituztela jakinarazi dute. “Izozmendiaren punta baino ez da", ohartarazi dute.
Hala adierazi du Josune Legal gizarte langileak agerraldi publiko batean. Bertan, 152 gizarte langilek sinatutako adierazpen bat irakurri du. Gaineratu duenez, etxegabeentzako aterpeetan "20 presio-egoera baino gehiago izan dira baliabidea erabiltzeko helburuarekin. Hainbat erakundek gure lana zalantzan jartzen ari dira eta presioa egiten dute baliabide desberdinak eskuratzeko, araudia errespetatu gabe".
Azpimarratu duenez, "ezin ditugu onartu baliabide batean edo bestean sartzeko errespetu faltak, mehatxuak eta presioak", izan ere, hainbat teknikarik "presiopean lan egin behar izan dute aurrez aurreko arretan, esku hartzen ahalegintzen direlako telefono deien, posta elektronikoen eta zuzeneko ekintzen bidez". Era berean, langileen inpartzialtasuna zalantzan jartzen dela salatu dute, “eta horrek mesfidantza eta desberdintasuna sortzen dute”.
Neurriak hartzeko eta baliabideak jartzeko eskatu diote Iruñeko Udalari. Alderdi politikoei adostasuna eskatu diete eta "inplikatutako eragile guztiei errespetua eta lankidetza".