Max Sarien banaketa Iruñean izango da

Unai Lako Goñi 2025ko urt. 21a, 20:00

Antzerki eta dantza ikuskizun onenak saritzen dituen ekitaldia Gaiarre antzokian antolatuko da ekainaren 16an

SGAE Fundazioak eta Iruñeko Udalak astearte honetan iragarri dutenez, Arte Eszenikoen Max Sarien 28. edizioa, Estatuko antzerkiaren eta dantzaren sariketa ospetsuena, ekainaren 16an izango da Gaiarre antzokian. Bi erakundeen arteko lankidetza aurkeztu dute Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Juan Jose Solana SGAE Fundazioko presidenteak eta Maider Beloki kultura zinegotziak.

Agerraldian azaldu dutenez, Max Sarien ezaugarri nagusiak dira “banatze-ekitaldi originala plazaratzea, gai desberdinak jorratzea eta izaera ibiltaria izatea, edizio bakoitzari ukitu berezia emango dion hiri desberdin batean antolatuz”. Nafarroako arte eszenikoak protagonismo handia izango du aurtengo galan, bai antolaketan edota gai artistikoetan. Nafarroako kultura eta euskara oso presente egongo direla iragarri dute.

Edizio guztietan ospe handiko zuzendariak eta egileak egon dira ekitaldiaren antolaketan, "erritmoa eta kalitatea bereziki zaindu dituztenak, eta gala eszena-telebistako ikuskizun gisa sortu dutenak, non sarien banaketa antzerkiarekin, musikarekin eta dantzarekin tartekatzen den", nabarmendu du SGAEk. Ekitaldia zuzenean ematen du La 2 kateak eta streaming bidez RTVE Playk.

Joseba Asiron, Iruñeko alkateak eskertu egin du SGAE Fundazioak Nafarroako hiriburua aukeratu izana bere 28. edizioa ospatzeko. "Iruña kultura eta arte eszenikoekin duen konpromisoagatik nabarmendu da, eta antzerki-eskaintza zabala du, besteak beste, Gaiarre Antzokia, Baluarte edo Nafarroako Unibertsitatearen Museoko auditoriuma, antzerki klasikoaren, garaikidearen, dantzaren eta musikaren programazio osoa hartzen baitute, eta Estatuko eta nazioarteko konpainia handien lanak eta tokiko gaztelaniazko eta euskarazko ekoizpenak erakartzen baitituzte. Era berean, Civivox sarearen programazioari esker, eskaintza zabala du antzerki-proposamen berritzaileekin eta hurbiltasunekoekin, baita aurkezpen alternatiboagoekin ere Nafarroako Antzerki Eskolan, Nafarroako Arte Eszenikoen Eskolarekin batera, erreferentziazko espazioak baitira aktoreen prestakuntzarako eta talentu berrien sustapenerako", adierazi du Asironek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!