Duela astebete, urtarrilaren 14an, Iruñeko Planetarioan sutea piztu zen eta Rebeca Esnaolaren hitzetan, “Planetarioko harribitxia erre zaigu”. Areto nagusia eta kupula erabat kaltetu zituen suak, 1993an Planetarioa zabaldu zenean txalotutako proiekzio gela erabat suntsituta geratu zen.
Teknikariek kalteak neurtu dituzte eta Foruzaingoaren ikerketak baztertu du nahita piztutako sutea izatea. Planetarioko sutea ustekabekoa eta jatorri elektrikokoa izan zen. Ikerketaren arabera, aretoko ekipoaren sistemak huts egin zuen, ustekabean.
Orain aseguru-etxeek egingo dute peritazioa, dagozkien txostenak egiteko eta kalteak neurtzeko. Nafarroako Gobernuaren eskuko azpiegitura izanik, exekutiboak berak erabaki beharko du zer egin hemendik aurrera eta zer pausu eman planetarioaren jarduna berreskuratzeko eta eraikina birgaitzeko.
Momentuz, izar proiekzio programa kenduta, bertan egiten ziren zientzia saioak NICDO enpresa publikoko beste azpiegiturara bideratuko dira, Baluarte eta Nafarroa Arenako aretoetara.