Erorien Monumentua eraisteko eskatu dute ehunka lagunek Iruñean

Euskalerria Irratia 2025ko urt. 20a, 09:40

Larunbateko manifestazioaren irudia, Askatasun Plazatik Gazteluko Plazara. (Argazkia: Ahotsa.info)

Manifestazio jendetsua egin zuten larunbatean elkarte memorialistek, zenbait kolektibok eta sindikatuek deituta. EH Bilduri, PSNri eta Geroa Bairi eskatu diete adieraberritzeko eta eraldatzeko akordioa bertan behera uztea eta “eraisteko akordio” bihur dezatela. 

Iruñeko Askatasunaren plazan, Euskal Herrian frankismoari gorazarre egiten dion eraikinik handienaren aurrean elkartu ziren larunbatean milaka herritar, manifestazio jendetsuan EH Bilduri, PSNri eta Geroa Bairi eskatzeko egindako «okerra» zuzentzea eta Erorien Monumentua adieraberritzeko eta eraldatzeko akordioa moldatzea, eta «eraisteko akordio» bihur dezatela.

33 elkarte memorialistak eta beste hainbat kolektibo eta sindikatuk deitutako manifestazioa izan zen larunbatekoa eta Gazteluko plazan amaitu zen, El Drogas, Ilargi Gorria, La Chula Potra eta Fermin Balentziak parte hartu zuten ekitaldiarekin.

Ekitaldian eraikinaren eraistea irudikatu zuten eta kartoiarekin egindako eraikina suntsitu eta bota zuten, kaskoak eta mailuak jantzita. Aldiberean, frankismoak errepresaliatutako emakumeen izenak irakurri zituzten ekitaldian. Diskurtsoan, plataformako ordezkariek gogora ekarri dute 36ko gerra jasan zuten senideen “amets” bat zela frankismoaren gorazarrerako eraikin hori kentzea eta berriz ere alderdiei eraikina eraistea galdegin diete.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!