Iaz, Iruñeko Udaltzaingoak sei salaketa helarazi zituen epaitegietara ustezko gorroto delituak zirela eta. ‘Iruña gorrotoaren aurrean’ txostenean argitaratu dituzte datuak eta horren arabera, salaketa gehienek homofobia dute gibelean; irainak, erasoak biktimaren sexu identitateagatik, LGBTI banderak erre izana eta hainbat espaziotan eragindako jazarpena izan dira.
2021ean Udaltzaingoak eta hamabi elkartek baino gehiagok “Iruña gorrotoaren aurrean” proiektua jarri zuten martxan, gertakari arrazista eta xenofoboak eta baita gorroto diskurtso eta delituak identifikatu, borrokatu eta haiei aurrea hartzeko ere.
Eztabaidaguneak sortu dituzte biktimak artatzeko eta salaketen prozedura finkatzeko. Izan ere, eraso arrazista edota homofoboak gertatzen diren kasu gehienetan, ez dira identifikatzen.