Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroaren erabilera eta diseinua definitzeko parte-hartze prozesua martxan jarriko du Iruñeko Udalak

Unai Lako Goñi 2025ko urt. 9a, 16:40

Epaimahai teknikoak aukeratutako bost proiektuen inguruko ekarpenak jasoko dira hitzaldi, erakusketa eta foroen bitartez

Iruñeko Udalak prozesu parte hartzaile bat abiaraziko du hurrengo astean, zezen-plazaren atzealdeko orubean eraikitzekoa den Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa izanen denaren erabilera eta diseinua definitzeko. Behin udalak deituriko ideia-lehiaketaren epaimahai teknikoak bost proposamenen hautaketa eginda, bizilagunei ahotsa emango zaie orain. Horretarako, aukeratutako diseinuak aurkezteko jardunaldi bat antolatuko da, proiektuen azalpen-panelekin osatutako erakusketa bat eta parte hartzea bultzatzeko bi lantegi aurreikusi ditu udalak hurrengo asteetan.

Urtarrilaren 14an egingo den foroarekin abian jarriko da parte-hartze prozesua. Pilotaren Interpretazio Zentroa diseinatzeko ideia-lehiaketan aukeratutako bost proposamenen xehetasunen berri emango da. Kondestablearen Jauregiko ekitaldi aretoan izango da, 18:30ean, interesa duen orori irekia. Eraikin bereko bigarren solairuan bost proiektuen deskripzioak, planoak eta irudiak jasotzen dituzten panelez osatutako erakusketa egongo da ikusgai otsailaren 16 arte. Udalak hautestontzi batzuk jarriko ditu proiektuei ekarpenak egiteko.

Bi lantegirekin osatuko dira aurreikusitako ekimenak. Urtarrilaren 27an eta otsailaren 3an, 18.30ean Kondestablearen Jauregian. Iruñeko Udalak ohar bitartez jakitera eman du “lehenengoan interpretazio-zentroaren edukiak eta euskal pilotari egiten dion ekarpena aztertuko dira, bai eta zer erabilera ematen ahal zaizkion eta zein izaten ahal diren turismoari begira proposamenak erakargarriagoak eta lehiakorragoak egiteko alderdiak. Bigarren lantegiak interpretazio-zentroaren inguruan proposatutako diseinuan eta espazioetan jarriko du arreta, ea beharrekin bat datozen eta kokatuta dagoen eremuari erantzun egokia eta integrala ematen dioten”. Aipatutako bi lantegi horietan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, Erabaki Iruñea udal-webgunean sartuta.

Martxoan amaituko da parte-hartze prozesua, emaitzen berri emateko foro baten bidez. Saio irekia izango da, prozesuaren emaitzak azalduko dira, jasotako ekarpenak ere barne direla. Ekarpen horiek proiektuak idatzi dituzten taldeei nola helaraziko zaizkien ere azalduko da, haien proiektuetan txertatu ditzaten.

Udalak zabaldutako oharrean gogorarazten denez, “37 proiektu aurkeztu ziren ideia-lehiaketara. Lehiaketako epaimahai teknikoak horietako bost aukeratu zituen, besteak beste, irizpide arkitektonikoak, kalitatezkoak eta ingurunean txertatzeari buruzkoak kontuan hartuta”. “Proiektuak Pilotaren Mahai Teknikoari aurkeztu zitzaizkion. Kirolaren, kultura-kudeaketaren, arkitekturaren eta turismoaren arloko ezagutzak dituzten beste eragile batzuk herritarrekin egiten diren parte-hartze lantegien bidez bildu nahi dira prozesura, askotariko sentsibilitateak kontuan hartuko dituzten eztabaida-mahaiak sortzeko. Horrela, hautatutako bost proposamenak idatzi dituzten taldeek aukera izanen dute, ekarpen horiekin guztiekin, diseinuak aberasteko eta egokitzeko”.

Prozesu parte hartzailean jasotako ekarpenak bilduko dituzten proposamen berriak berriro baloratuko ditu epaimahai tekniko batek, eta hark erabakiko du zein izanen den Iruñean Euskal Pilotaren Interpretazio Zentro berrirako diseinu irabazlea. Ondoren, proiektu irabazlea idatzi duen taldeak hiru hilabete izanen ditu bere proposamenaren behin betiko proiektua idazteko. Jarraian, obrak lizitatzeko eta esleitzeko prozesua hasiko da, 2026aren hasieran abiarazi nahi ditu obrak Iruñeko Udalak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!