Bertan da DanZ, dantza garaikidearen jaialdia

Euskalerria Irratia 2025ko urt. 8a, 13:51

Lucia Montes eta Mado Dalleryren 'In-side' dantza ikuskizuna.

DanZ dantza garaikidearen jaialdia beste urte batez antolatu dute ATALAK Sareak eta Iruñeko Udalak. Iturramako Civivoxean egingo dute urtarrilaren 9tik 25era, ostegunero. Lau dantza emanaldi, topaketa bat eta tailerrak prestatu dituzte.

DanZ dantza garaikidearen jaialdi beste urte batez Iturramako Civivoxean egingo dute urtarrilaren 9tik 25era. Antolatzaileek azaldu dutenez,  “sentsibilizaziorako, inklusiorako, bitartekaritzarako, erakusketarako, topaketarako eta hausnarketarako gune bat sortzeko” xedea du DanZ jaialdiak.

Lau dantza ikuskizun, mugimendu eta sorkuntza tailer bat eta Myriam Perez Cazabon artistarekin topaketa dira aurtengo proposamenak.
Aldez aurretik erosi eta izena eman behar da 010, Civivox sarearen edo www.pamplonaescultura.es-en bidez. Jaialdia ATALAK Sareak eta Iruñeko Udalak antolatu dute.

Lau emanaldi ikusgai

Lehenengo emanaldia Marcat Dancek, Mario Bermudez eta Catherine Couryk osatutako taldeak, eskainiko du, ostegunean, 19:30ean. Elkarrizketa intimo baten erritmoan mugituko dira dantzariak Afines ikuskizunean.

Astebete geroago, urtarrilaren 16an, ostegunarekin, 19:30ean, Lucia Montes eta Mado Dalleryren txanda izango da, In-side lanarekin. Betierekotasunetik eta ukiezinetik arituko dira oholtzan; hilarri bat uzten duten bi gorputz, sentipen ugari iradokitzen duten higiduren trazu bat.

Urtarrilaren 23an, Noaingo Dantza Garaikideko Sorkuntza eta Irakaskuntza Profesionalen Nazioarteko Zentroa den La Faktoriako ikasleek beren lanak taularatu eta haien garapena erakusteko aukera izango dute. Formatu txikiko emanaldiak izango dira, bakarka eta binaka egingo dituzte dantzak.

Programatutako azken ikuskizuna 2 eta 4 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Urtarrilaren 25ean, larunbata, 10:30ean eta 12:00etan, Laura Valero eta Joan Ballesterrek zuzendutako Panicmap taldeak Closka antzeztuko du. Ka eta Clos pertsonaiek Closka dortokaren istorioa kontatuko dute. 

Bestelako jarduerak

Urtarrilaren 22an, asteazkenean, 19:30ean, Myriam Perez Cazabon artistarekin topaketa antolatu dute. Artistak dantza-erakustaldiak egingo ditu, azalpenekin lagunduta. Hala, sortze-prozesua ezagutzeko aukera izanen da. Bertha Bermudezek moderatuko du saioa.

Iruditeri posibleak izenpean, urtarrilaren 11, 18 eta 25ean, 11:00etatik 13:00etara, hiru saio berezi antolatu dituzte. Laura G. Latasak, Myriam Perez Cazabonek eta Ines Aubertek saio bana emango dute, hurrenez hurren. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!