Urriaren 12an, Vox eskuin muturreko alderdiaren presentzia eta faxismoaren gorakada salatzeko deia zabaldu zuen Iruñerriko GKSk. Alderdiak kontzentrazio bat antolatu zuen “Espainiako nazionalismo erreakzionarioari gorazarre egiteko”, eta horren aurka bildu ziren protestan ehunka lagun. Orain, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren isun jakinarazpenak jaso dituzte 31 lagunek. Guztira, 21.000 euroko isuna ezarri zaie.
Isuna jaso duten kideak Espainiako Poliziak identifikatu ez zituela salatu dute GKSko kideek. Araua hauste larria egozten diete, baina Voxen kontzentrazioa oztopatzen saiatu zirelako zigortu dituztela adierazi dute. “Isunok aurrekari oso arriskutsua ezartzen dute; izan ere, zigor irmoa ezartzen diote goraldian dauden indar erreakzionarioen kontrako protesta bati”, salatu du GKSk ohar baten bitartez.
Egoera horren aurrean, Iruñerriko GKStik babesa helarazi diete isuna jaso dutenei eta, aldi berean, gaineratu dute “faxismoaren aurka mobilizatzen eta antolatzen jarraitzera dei egiten dugu”. Urtarrilaren 25erako deitu dute manifestazioa.
Isunei aurre egiteko ekarpen ekonomikoa egin nahi dutenentzat kontu korrontea eta bizuma jarri dute eskuragarri.
Urriaren 12an, VOX ultraeskuineko alderdiaren presentzia salatzeko kontzentrazioan parte hartu izanagatik 31 pertsona isunduak izan dira, osotara 21.000€-ko isuna eskatuz. pic.twitter.com/Hddg8MUZBN
— Iruñerriko GKS (@GKS_Irunerria) December 30, 2024