Euskal kulturak beste behin beteko du Nafarroa Arena aretoa, gaur eta bihar. Berri Txarrak, Ene Kantak eta bertsolari txapelketaren finalak egin bezala, Mitoaroak mukuru beteko ditu areto erraldoiko harmailak.
“Kontu berezi eta bakarra sortuko dugu Mitoaroan, Nafarroa Arenan”, adierazi zuen atzo Pello Reparazek. Agian egokiagoa zatekeen giro bikoitza sortuko dutela esatea, Nafarroa Arenako kontzertuak bi izanen baitira. Lehena gaur19:00etan. Bigarrena bihar, 22:00etan, eta ETB2k eta Primeran plataformak zuzenean emana.
Reparazek ekainean iragarri zuen Zetak taldearen bosgarren urteurrenaren karietara ospakizun erraldoia antolatuko zutela, Euskalerria Irratiko Flop Kultura podcastean. Ordutik ikuskizuna prestatzen jardun dute, jo eta ke, hainbat lagunekin batera.
Arenako oholtzatik pasako baitira Erramun Martikorena, Kukai dantza taldea, Lantzeko ihauteria, Ituren eta Zubietako joaldunak, Tuterako Zipoteroak, Altsasiko Momotxorroak eta Arbizuko Txatarrak.
Beraz, gaur eta bihar, guztira 30.000 lagun elkartuko ditu Mitoaroak Nafarroa Arenan. Auto pilaketak saiheste aldera, autobus zerbitzu berezia jarri dute Tuteratik, Tafallatik, Elizondotik, Izabatik, Vianatik eta Altsasutik kontzertura joateko.
Gaur ateak 17:00etan zabalduko dituzte. Bihar, 20:00etan. Hartara, dena prest, euskarak, beste behin ere, Nafarroa Arena bete dezan. Dena prest, Mitoaroa has dadin.
NAFARROA ARENA 👺🧌
— ZETAK (@zetak_org) December 25, 2024
Urtarrilak 3 eta 4 - SOLD OUT
Honaino iritsi bagara zuengatik da, mitozaleengatik, egunero euskarazko proiektuak babestea erabakitzen duzuen guztiengatik.
Bihotz-bihotzez ESKERRIKASKO‼️
Historikoa izango da 🔥 pic.twitter.com/OHbFSjSdtV