Gabonak amaitzeko Errege Bezpera eta Errege Eguna besterik ez da falta. Horien ondotik, inauteriak etorriko dira, baita San Blas eta Santa Ageda egunak ere.
Iruñeko Udala dagoeneko otsailaren hiruan San Nikolas Plazan jarri ohi den azokara begira jarri da, eta iragarri du datorren astean, urtarrilaren bederatzian, ostegunarekin, banatuko dituela enkantean San Blas eguneko azokako 21 postuak.
Enkante horretan parte hartu nahi dutenek bihar eguerdiko ordu bi eta erdiak arte dute izena emateko epea. Kondestable Jauregian egin dezakete, aurrez aurre, edo pamplona.eus webgunean, telematikoki.
Pertsona bakoitzak postu bakar bat eskuratu ahal izanen du, berdin dio pertsona hori naturala edo juridikoa den.
Enkante publikoa ahots gora eginen dute, urtarrilaren bederatzian, eguerdiko hamabietan, Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako Alorraren bulegoetan, hau da, Iratxe Monasterioaren etorbideko bigarren zenbakian.