Iruñeko Udalak 'Bertsolaritza Irakaskuntzan' programaren edizio berri bat kontratatu du 2024-2025 ikasturterako. Nafarroako Bertsozale Elkartea arduratuko da programaz, 44.278,40 euroren truke. Horrela, Udalak babesten jarraituko du dagoeneko finkatuta dagoen eta duela hogeita hamar urte baino gehiagotik D eredua eskaintzen duten Iruñeko ikastetxe publikoen hezkuntza-eskaintza osatzen duen programa hori.
Aurtengo edizioan hiriko 9 ikastetxe publikotako 35 taldek parte hartuko dute programan. Honako hauek: Hegoalde Ikastola HLHIP, Bernart Etxepare IP, San Francisco HLHIP, Buztintxuri IP, Sanduzelai, Patxi Larrainzar HLHIP, CEIP Mendigoiti HLHIP, Elorri eta Amaiur Ikastola HLHIP.
Programaren xedea da bermatzea D eredua eskaintzen duten eta parte hartzeko eskaera egiten duten Iruñeko ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako talde guztiek eskola-programa osoa jasoko dutela: 15 eskola-ordu taldeko, ordubeteko 15 saiotan banatuta.
Bertsolaritza lehen mailako baliabide didaktikoa da hizkuntzaren erabilera testuinguru ez-formaletan sustatzeari begira, eta hezkuntza-sistemaren curriculum ofizialaren jarduera osagarri gisa taxutzen da, ikasle horien ikaskuntzari beste balio bat erantsiz.
Hitzekin eta ideiekin jolastuz bertsoak inprobisatzeko jarduerak hizkuntzaren erabilera sustatzen du, testuinguru ludiko batean betiere, eta ikasleen buru-trebetasuna indartzen du. Saioak bertsolaritzaren oinarrizko nozioak ikastera bideratzen dira (historia, doinuak, metrika, errimak...), eta teknikaren irakaskuntzan jartzen da azpimarra, jolasen eta ariketen bidez. Testuingurua ludikoa izaten da beti, eta hizkuntzaren erabileran sakontzen da, hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak ardatz harturik.