Montxo Armendariz zuzendariak eta Puy Oria ekoizleak amaiera emango diote ostiral honetan, abenduak 27, Nafarroako Filmategian Armendariz zuzendari nafarrari eskainitako atzera begirako zikloari.
Aurtengo urrian abiatu zuten zinemagile nafarraren filmografian zehar eskainitako atzera begirako ibilbidea. No tengas miedo (2011) filma pantailaratuko dute eta ondoren, Montxo Armendariz zinemagilea eta Puy Oria filmaren ekoizlea solasaldian izango dira.
Nafarroako Filmategiak, ordena kronologikoan, zuzendariaren film luze eta laburrak proiektatu ditu azken hiru hilabete hauetan. Eta ostiral honetan, 19:30ean, amaituko da zikloa Michelle Jenner protagonista duen 2011ko pelikularen talde tekniko eta artistikoko kideen solasaldiarekin batera. Pelikulak Goya sarietarako izendapen bat jaso zuen, Emakumezko aktore berri onena kategorian, Michelle Jenner lanagatik.
No tengas miedo Sylvieren istorioa kontatzen du, haurtzaro ilun batek markatutako neskarena. 25 urte eskasekin bere bizitza berregitea eta iraganari lotuta mantentzen duten pertsonei, sentimenduei eta emozioei aurre egitea erabakitzen du. Eta zoritxarraren aurkako borrokan, bere buruaren kontra, bere beldurrak kontrolatzen ikasiko du, eta emakume heldu bihurtuko da, bere ekintzen jabe.